Kultur ekintzez beteta datoz ekaina eta uztaila

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 2a, 19:27

San Pedro Jairik ospatuko ez den arren, ekainerako eta uztailerako kultur ekintza ugariz betetako egitarau zabala aurkeztu dute, asteazken eguerdian. Kontzertuak, bakarrizketak, bertso-saioa eta kale-antzerkiekin gozatu ahal izango dute, lasarteoriatarrek. Besteak beste, Willis Drummond eta Olatz Salvador muskarien kontzertuak izango dira

COVID-19ak eragindako pandemiaren bilakaerak hala behartuta, aurtengo San Pedro Jaiak bertan behera utzi ditu Lasarte-Oriako Udalak. Hala ere, ekainerako eta uztailerako kultur ekintzez betetako egitaraua aurkeztu dute. Askotariko kultura-ekintza ezberdinetan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek. 

Brancussi eskolako ikasleen XVI. pintura eta margolaritza erakusketarekin zabalduko da ekaineko programazioa. Zehatz esanda, ekainaren 4an zabalduko ditu ateak, eta hilaren 11ra arte izango da hori bisitatzeko aukera, 18:00etatik 20:30erako ordutegian. 

Ekainaren 12an, berriz, Kai Nakaik musika emanaldia eskainiko du, eta euskarazko Reggaetoi doinuekin gozaraziko ditu ikus-entzuleak. Kultur etxeko auditorioan izango da kontzertua, arratsaldeko 19:00etan, eta sarrerak 5.50 euroren truke erosi ahal izango dituzte interesa dutenek. 

Ekainaren 15 eta 17an, Udal Musika Eskolako ikasleen kontzertuak izango dira. 19:00etan izango dira, eta doakoa izango den arren, gonbidapenak eskuratu beharko dira..

Ekainaren 18an, aldiz, Donostiako Elias Kerejeta zinema eskolako Zinema Habian proiektuan parte hartu duten Oriarte Institutuko DBH4ko ikasleen lana proiektatuko dute. Hori ere auditorioan izango da, 18:30ean eta gonbidapenak beharko dira bertaratzeko. 

Bakarrizketak ere bai

Hurrengo egunean, ekainaren 19an, bakarrizketen lehen saioa izango da; Oscar Terol eta Sara Escudero arituko dira auditorioko oholtza gainean. Erdaraz arituko direla iragarri dute antolatzaileek, eta sarrerak 12 eurotan salduko dituzte. 19:00etan izango da emanaldia.

Ekainaren 20an, helduentzako antzerki saioa izango dute lasarteoriatarrek. The Chanclettes taldeak AntiCoronCAVA.ret lana taularatuko du. Hori ere erdaraz izango da, eta 12 eurotan salduko dituzte ekintza hori ikustera joateko sarrerak. Emanaldia arratsaldeko 19:00etan izango da. 

Bost egun beranduago, ekainaren 25ean, herriko musika-talde bat arituko da kultur etxeko auditorioan. Makulu Ken taldeak euren afrobeat doinuak eskainiko dizkie bertaratzen direnei. 19:00etan izango da, auditorioan, eta sarrerak 5.50 euroren truke salduko dituzte. 

Ekainaren 26an, berriz ere bakarrizketa saioak izango dira. Oraingoan, Nerea Garmendia eta Santi Rodriguez izango dira auditorioko taula gainean, erdaraz. 12 euro balio dute bakarrizketa horiek ikustera joateko sarrerek, eta emanaldiak, 19:00etan izango dira. 

Nafarroako doinuak Lasarte-Oriara

Ekainaren 27an, La Ribera Canta taldearen eskutik, Nafarroako jotak entzuteko aukera izango dute herritarrek. Eguerdian, 12:30ean izango da emanaldia, eta 5.50 eurotan salduko dituzte sarrerak. 

Egun berean, baina 18:00etan, familia-antzerkia izango da. Mago Sunek Bat, bi, hiru...Magia ikuskizunarekin gozaraziko ditu sendiak. Euskaraz izango da, eta sarrerek 3.80 euro balio dituzte.

Ekainaren 28an, berriz, bakarrizketa saioak izango dira. Oraingoan, gainera, herritar bat ere arituko da oholtza gainean. Mikel Bermejorekin eta JJ Vaquerorekin gozatu ahal izango dute herritarrek. Emanaldia 19:00etan izango da, erdaraz, eta sarrerak 12 euroren truke eskuratu ahalko dituzte interesatuek. 

Ekaina amaitu aurretik, beste bi ekintza izango dira. 29an, esaterako, Xilipurdi antzerki taldeak Salam izeneko familia-antzerkia taularatuko du. Euskaraz izango da, 17:00etan, eta sarrerak 3.80 eurotan salduko dituzte. 

Bertso-festa eder batekin agurtuko dute hilabetea. Ekainaren 29an, punta puntako sei bertsolari arituko dira kultur etxeko auditorioan: Ane Labaka, Lierni Rekondo, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus eta Uxue Alberdi arituko dira bertsotan, Maddi Labaka gai-jartzaileak gidatutako saioan. Iluntzeko 20:00etan izango da ekitaldia, eta sarrerak 5.50 euroren truke eskuratu ahalko dira. 

Uztailean ere beste hainbeste

Uztaileko uda giroa aprobetxatuz, kale antzerki batekin emango diote hasiera hilabete horretako kultur-agendari. Uztailaren 2an, Malas Compañias antzerki taldeak Zirkus obra eskainiko du. Lekua zehazteko daukatela azaldu dute antolatzaileek (finkatzen dutenean jakinaraziko dute), baina iragarri dutenez doakoa izango da eta 19:00etan. 

Hurrengo egunean, uztailaren 3an, antzerki eta bakarrizketa saioaz gozatu ahal izango dute herritarrek; Alazne Etxeberria eta Miki Dekai arituko dira kultur etxeko auditorioan. Erdaraz izango da ekintza, 19:00etan eta sarrerak 12 eurotan salduko dituzte.

Uztailaren 9an, bigarren kale-antzerki saioa izango da. Trapu Zaharrak konpainiak Por hacer un favor obra ekarriko du herrira. Emanaldi horretarako lekua ere zehazteko dute oraindik, baina, aurreratu dute arratsaldeko 19;00etan izango dela, eta doakoa. 

Aroa Lasa herritarraren emanaldia

Uztailaren 10ean, Aroa Lasa Letona aRo musikari lasarteoriatarrak, bere estreinako lan-laburra aurkeztuko du. Auditorioan izanngo da emanaldia, 19:00etan, eta 5.50 euroren truke. 

Hirugarren kale-antzerki saioa izango da uztailaren 16an. Eidabe taldeak Gora Kasete antzerkia eskaini die lasarteoriatarrei. Euskaraz izango da, baina, kasu horretan ere zein lekutan egingo duten ez dute zehaztu. 19:00etan izango da.

Hilaren 17an, berriz, musika emanaldia bat izango da auditorioan. Oraingoan, Baionako musika talde aski ezaguna den Willis Drummond igoko da oholtza gainera, eta euren rock doinuak eskainiko dizkiete bertaratzen diren ikus-entzuleei. 19:00etan izango da emanaldia, eta, sarrerak, 12 eurotan erosi ahal izango dira.

Uztailaren 23an, aldiz, XVII. Dantza Zirkuitua izango da. Hiru hitzetan ikuskizuna eskainiko dute. Emanaldi hori Euskal Herriko hiru konpainien hiru piezek osatzen dute; bakoitza 20 minutukoa, eta sei artistek parte hartuko dute: Myriam Perezek, Jone Amezagak, Nerea Gurrutxagak, Oihana Vesgak, Amaia Elizaranek eta Xabier Zeberiok. Kale-ikuskizuna izango da, 19:00etan eta doakoa. 

Eta uztaila amaitzeko bi ekitaldi gehiago izango dira. 24an Olatz Salvadorrek bere azken lana, Aho Uhal izenekoa ekarriko du Manuel Lekuonako oholtza gainera. Arratsaldeko 19:00etan izango da emanaldia, eta sarrerak 12 euroren truke erosi ahal izango dira. 

Eta, uztaila agurtzeko, kale-antzerki saioa izango da hilaren 30ean. Oraingoa, Hortzmuga taldeak Al final del camino obra ekarriko du Lasarte-Oriara. Doakoa izango da, eta antolatzaileek emanaldia egingo den lekua zehazten dutenean jakinaraziko dute.