Borrokak ez zuen saririk izan

Txintxarri Aldizkaria 2021eko ekainaren 2a

Erregional Ohorezko mailako taldeak partida borrokatua jokatu zuen.

Ostadar SKTko Erregional Ohorezko taldea kopa txapelketako lehen postuetatik kanpo egon arren, sailkapenean ahal den postu onenean kokatzeko lehian ari da. Maiatzaren 29an, Urnietaren aurkako norgehiagoka jokatu zuen Alberto Calláak entrenatzen duen taldeak eta 0-2 galdu zuen. Asteburu honetan, zazpigarren postua izango du jokoan

Erregional Ohorezkoak ez zuen partida ongi hasi. Zelaian bere lekua aurkitzea kosta zitzaien. Arerioak, berriz, lasai jokatu zuen eta "eztabaidagarria" den penalti baten ondorioz, markagailuan aurre hartu zuen. Egoera horri aurre egiteko Ostadar SKTk jokoa moldatu zuen, lehen zatiko lehen minutuetan nagusi izan arte. Tamalez, ezin izan zuen golik egin eta 0 eta 1eko markagailuarekin iritsi ziren atsedenaldira. 

Bigarren zatian, Ostadar hobeto kokatu zen zelaian. Ez zuen lehen zati amaierako nagusitasun erabatekoa lortu, baina jokoaren erritmoa ederki ezarri zuen. Taldeak sortutako gol aukerak, ordea, urriak izan ziren. Ostadarrek ez zuen berdinketa lortzerik izan eta kontra batean erabaki zuen Urnietak partida. 

Partidako azken minutuetan talde urdin-beltzak kolpeari aurre egiteko gola sartzeko ahaleginak egin zituen, baina ezinezkoa izan zen. Partida 0-2 amaitu zen.

Alberto Calláa entrenatzailearen hitzetan "emaitza alde batera utzita, partida ona egin zuten jokalariek·. 

Aste honetan ere jarrera berdina izatea espero du. Kopa ez baita amaitu. Ostadar SKTko Erregional Ohorezko zazpigarren postua lortzeko borrokatuko da. Urola izango du arerio larunbatean, 11:30etik aurrera, Michelingo kirol gunean eta arerioa garaitzea du buruan talde urdin-beltzak.

Gauza txikiak, garrantzitsuak

Nahiz eta denboraldia amaitzeko partida bat falta, irakurketa ona egin du Erregional Ohorezko mailako entrenatzaileak. "Jokalariek denboraldiko partidetan egindako lanarekin pozik nago. Ez dugu zortea izan. Arerioak hobeak izan dira eta gauza txikienek ere erabakitzen dituzte partidak."

Horrez gain, COVIDaren aurkako neurriek eragindako geldialdiak taldearen jardunean eragin duela nabarmendu du. "Denboraldi-aurrea ongi hasi zuen taldeak. Egoera zela eta, geldialdia egin behar izan genuen eta ostean, bat batean hasi behar izan ginen lehian entrenamendu gutxirekin. Horrek ez digula lagundu uste dut".