Ostadar Atletismo sailak, zazpi domina eta Kluben arteko hirugarren postua

Txintxarri Aldizkaria 2021eko ekainaren 2a

Ostadar atletismo taldeko kideak, Kluben arteko txapelketako podiumean. Arg.: Ostadar Atletismoa.

Ostadar Atletismo saileko kideek Gipuzkoako txapelketa lehiatu zuten maiatzaren 29-30 asteburuan. Kluben arteko txapelketan,  4x100 metroko lasterketan zein bakarkako lehietan podiumean izan ziren herriko atletak 

Zazpi domina eta Kluben arteko txapelketako hirugarren postua. Hori da Ostadar Atletismo sailak Gipuzkoako txapelketan egindako lanaren laburpena.

Bakarkako lehietan, jaurtiketa probetan lortu ziren domina gehien: bi urrezko eta zilarrezko eta brontzezko bana.

Maider Rekondok bi probetan parte hartu zuen disko-jaurtiketa proban eta mailu-jaurtiketan eta urrezko eta zilarrezko dominak eskuratu zituen, hurrenez hurren.
Lehiaketako bigarren jaurtiketan lortutako 43,83 metroek eman zion Rekondori garaipena disko-jaurtiketa proban. Marka horrekin gainera bere marka pertsonala ondu zuen.

Mailu-jaurtiketa proban, herritarrak eta arerioek ezin izan zioten Atletico San Sebastianeko Dorleta Oyarbideren nagusitasunari aurre egin. Rekondok, ordea, Real Sociedadeko Inge Larzabalekin borrokatu behar izan zuen bigarren postua. Lehiaketako azken saiakerak eraman zuen herritarra podiumeko bigarren mailara.

Xabalina- eta pisu-jaurtiketa probetan beste bi domina lortu zituen Ostadar Atletismo taldeak Oihana Igarrizen eskutik. 
31 metro baino gehiagoko markarekin xabalina probako garaile izan zen herritarra eta pisu-jaurtiketa proban hirugarrena izan zen, 10,48 metroko markarekin.

Jauzietan ere podiumean
Dominak izan ziren ere jauzi probetan. Naroa Furundarenak ere jauzi hirukoitzean lortu zuen sari nagusia, urrezko domina eta Enara Gonzalez bigarren izan zen luzera-jauzi proban. 

Furundarenak zailtasunak izan zituen hirukoitzeko lehiaketan; baliogabeko hainbat jauzi egin zituen. Hala ere, bosgarren saiakeran 12,42 metroetara iritsi zen eta azken jauzian arerioek ezin izan zuten marka gainditu.

Gonzalezi lehen postuak ihes egin zion. Luzera-jauzi probako buru jarri zen bigarren jauzian, 5,51 m. Hirugarrenean, berriz, bere marka pertsonala ontzen duen 5,64 metroko jauzia egin zuen eta Espainiako 20 urte azpiko gutxienekotik hiru zentimetrora geratu zen. Tamalez, azken jauzian Atletico San Sebastian taldeko Ainhoa Intxaurrondok gainditu zuen, 5,95 m. eta Gonzalezek ez zuen erantzuterik izan. 

4x100 m. lasterketan ere parte hartu zuen Ostadarrek. Naroa Elvirak, Enara Gonzalezek, Naroa Furundarenak eta Maider Abetek osatutako laukoak bigarren postua lortu zuen.

Horrez gain, Maider Abetek 100 m. eta 200 m. lasterketetako marka pertsonalak ondu zituen, 13"03 eta 27"04, hurrenez hurren.

Klubetan hirugarren

Taldeko kide guztien jardunari esker, 37 puntu lortu zituen Ostadarrek eta hirugarren sailkatu zen Kluben arteko txapelketan Super Amara BAT eta Real Sociedad taldeen atzetik. 

Oscar Goikoetxea prestatzaileak azaldu duenez, aurten lehengoz absolutu mailako emakumeen taldea osatu du elkarteak eta helburua bete du, Kluben podiumean egotea. 

Ostadar Atletismoko entrenatzailea pozarren agertu da taldeak egindako lanarekin. eta atletak ohikoak ez dituzten probetan parte hartu behar izan dutela nabarmendu du. "Berrogeialdiak eta bidairen bat tarteko baja batzuk izan ditugu eta ahal izan dugun moduan taldea osatu dugu. Ongi lehiatu dira. Taldearen hobe beharrez atletetako askok ohikoak ez dituzten probetan lehiatu behar izan dute".

Ostadar Atletismo taldeko kideez gain, beste herritar batzuk ere izan ziren lehian: 100 m. lasterketan, Atletico San Sebastianeko Nerea Eugi eta Atletico Renteriako Jose Ramon Latorre eta 1.500 m. lasterketan, Aloña Mendi KEko Jon Presa.