Luberri-Ostadar, senior mailako finala

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 1a, 15:00

Ostadar Saskballiko I. seniorrak, Mondragon Unibertsitatearen aurkako partidan.

Ostadar Saskibaloi taldeko I. seniorrak Inter taldearen aurka fase erregularreko azken partida jokatu zuen, maiatzaren 29an, Mons kiroldegian. Partida irabazi eta Benta berriko kiroldegian, Luberri-Zarautz partidako emaitzaren zain egotea besterik ez zuen. Talde urdin-beltzak etxeko lanak egin eta Luberrik Zarautz garaitu ostean, finalerako txartela eskuratu du

Ostadar Saskibaloiko I. seniorra ez zen egoera onean iritsi Interren aurkako neurketara. "Eneritz Buiza lesionatuta, Haizea del Olmo kanpoan eta asteko entrenamenduak ez ziren onenak izan," azaldu du Ander Otaegi entrenatzaileak. Hala ere, ederki egin zion aurre.

Lehen laurdena erasoan hasi zuen Ostadarrek. Ane Alberdiren lana nabarmena izan zen." 13 puntu lortu zituen lehen laurdenean, jokoa gidatu, asistentziak… ezin izan zuten gelditu", aipatu du Otaegik. Defentsan ere gogor ibili zen; Interreko jokalari arriskutsuena kontrolatu zuten. Ondorioz, 8 eta 21 jarri zen aurretik talde-urdin beltza.

Bigarren laurdenean, berriz, etxeko taldea esnatu zen. Zonakako defentsak ezarri eta senior taldeak zailtasunak izan zituen saskira gerturatzeko. Itxaso Merceroren bi tripleri esker aurretik jarraitzea lortu zuen Ostadarrek. Baina azken bi minutuetan, aurrez egindako lan guztia pikutara joan zen. Ostadarrek baloiak galdu, hutsegite eta oparia k egin zituen eta 10-0ko partziala egin zuen Interrek. Atsedenaldira 29-31 iritsi ziren.

Etxekoak taktika berarekin eman zioten hasiera hirugarren laurdenari eta Ostadarrek ez zuen asmatzen. 33-29 jarri zen aurretik arerioa. 

"Partida hasi baino lehen, barneko jokoan abantaila geneukala suposatzen zen, baina partida kanpoko jaurtiketekin asmatuta eraman genuen aurrera," azaldu du tlde urdin-beltzeko prestatzaileak. Bi hiruko jarraian lortu, pare bat kontraeraso eta berriro ere partidan aurretik jarri zen Ostadar, 34-44.

Azken laurdenean markagailua kontrolatzen jakin zuen Otaegiren taldeak. "Haiek gerturatzen ziren bakoitzean, hiruko jaurtiketa batekin asmatzen genuen". Era honetara, I. seniorrak 48-62 garaitu zuen Inter. 

Nahiz eta partidan momentu zailak bizi, Ostadar Saskibaloiko prestatzaileak irakurketa ona egin du. "Zazpi hiruko sartzea lortu dugu, baita beste jaurtiketa batzuk kanpotik sartzea ere. Orokorrean partida ona izan da".

Finalerako txartela

Partida amaitzean, Benta Berritik iritsi ziren berriak ere onak izan ziren; Luberrik partida irabazi zuen eta ekainaren 12ko finalerako txartela lortu zuen Ostadarreko seniorrak. Luberri izango du arerio. "Nahiz eta Zarautz gertu ibili den, Luberri eta gu izan gara urteko bi talde onenak eta finalerako txartela merezitakoa izan da bi taldeentzat," adierazi du Otaegik.

Senior mailako taldearen 5. denboraldia da eta finalera iristen den lehen aldia da. Aurreko urteetan finalaurrekoetan kanporatu dute talde. "Aurten pauso bat egin dugu aurrera. Egia da denboraldia berezia izan dela, baina finalera iristea lortu dugu," adierazi du Ander Otaegik. 

Partida zaila espero dutela ere aitortu du. Luberrik partida guztiak irabazi ditu eta Ostadarrek bakarra galdu du Luberriren aurka. "Ez gara faboritoak izango, partida zaila izango da, baina borrokatuko dugu". 

Bosgarren postua jokoan

Bestalde, Junior errendimendu taldeak EASO Basket Ibaeta  Plagamania taldearen aurka jokatu zuen lehen faseko azken partida. 

Sei jokalarirekin, horietako hiru minberatuak, jokatu zuen norgehiagoka talde urdin-beltzak. Hala ere, jokalariek ez zuten etsi eta azken laurdena jokatzeko, 64-57 iritsi ziren.

Ostadarreko jokalariak nekea somatzen hasi ziren eta arerioak erritmoa handitu zuten. Era horretara, 81-69 galdu zuen taldeak.

Multzoko 5. postua jokoan du orain taldeak. TAKE Redline Mekanika izango du aurrez aurre larunbatean, Tolosako Usabal kiroldegian.

Ez da hau Ostadar Saskibaloi taldeko kideek jokatuko duten partida bakarra izango. III. senior mailako taldeak etxean Irungo Erroibideren aurka jokatuko du denboraldiko azken neurketa.