Bi migrazio prozesuri erreparatu diete bertan: 1960-1970 artean Espainiatik etorritakoari, eta 2000 urteaz geroztik munduko hainbat txokotatik etorri direnenari. Bigarren horretakoa da Lizzy Mejia Funezen esperientzia: Hondurasetik etorri zen Usurbilera, familiarekin, bizitza proiektu hobe baten bila.
Badira urte batzuk Hondurasetik etorri zinela, ezta?
2014an etorri nintzen Usurbilera, 14 urte nituela. Ama hemen zegoen 3-4 urte lehenagotik, eta bi anaiekin etorri nintzen ni.
Atzerritar asko zineten herrian, orduan?
Ez, duela zazpi urte gutxi ginen kanpotik etorritakoak. Baina ordutik asko hazi da immigrazioa.
Zaila izan zen hasiera?
Bai eta ez. Lasarte-Orian ikasi behar izan nuen, ikasle etorri berriarentzako harrera programaren barruan. Nik nahiago nuen Usurbilen ikasi, jendea ezagutzeko. Baina gustura aritu nintzen, bazelako irakasle bat oso saiatua. Euskara ikasi genezan nahi zuen, baina era berean, kezkatzen zen guregatik: eskolan ondo ari ote ginen, integrazioa ondo ote zijoan...
Lagun bat egin nuen Lasarte-Orian, baina garai hartan, Usurbilen ez nuen inor ezagutzen, eta antolatzen ziren ekintzetan ere ez nuen parte hartzen, harremanik ez izateagatik. Eskolaz kanpoko jarduerek asko laguntzen dute, haur baten integrazioan.
Eta noiz hasi zinen Usurbilgo jendea ezagutzen?
Lasarte-Orian ikasketak bukatuta, Donostiara joan nintzen batxilergoa ikastera, gaztelaniaz. Euskaraz egitea gustatuko zitzaidakeen, baina oraindik ez nengoen prest horretarako. Eta Donostian egin nuen topo Usurbilgo neska batekin. Zunba ikastarotik ezagutzen genuen elkar, baina ez genuen harremanik izan; eta Donostian lagun egin ginen. Eta bere bitartez, hasi nintzen Usurbilgo jende gehiago ezagutzen, herrian gehiago ateratzen, afaltzeko elkartzen... Hori baino lehen, familiarekin egiten nuen bizitza, paseatu, mendira joan... Baina ez nintzen Artzabalen esertzen trago bat hartzera. Ez nintzen gai sentitzen horretarako.
Zertan lagundu zizun horrek?
Jende asko ezagutzen, eta jardueretan parte hartzen. Hortik aurrera, indartsuago eta seguruago sentitu nintzen, toki ezberdinetara joateko. Ahaldundu egin ninduen, herrian pertsona bat izateak jendeari esango ziona: begira, hau Lizzy da, nire laguna. Horrek erraztu egin zidan bidea. Eta adinak ere bai. Orain 21 urte dauzkat, eta ez daukat lotsarik jendearengana joan eta nire burua aurkezteko. Beste lagun bat ere badaukat, Hodei; eta ezagutu nuen niregana gerturatu zelako Mundualdian, Usurbilgo kultura aniztasunaren egunean. Eta beraren bitartez ezagutu ditut beste hainbat.
Aurrerapausoak eman dira azkeneko urteotan, integrazioaren bidean?
2014tik hona bai, aurrerapauso dexente. Eta ez bakarrik Europatik kanpo gatozen herritarrekiko; baita Estatu osotik etorri izan direnekiko ere. 'Migrazioari maskarak erauzten' dokumentalarekin garbi ikusi da hori. Asmoa izan da ezagutaraztea zein garen pertsona horiek, Usurbilen bizi garenak baina ikusgarritasun handirik ez daukagunak; eta horrekin batera, estigmak hautsi eta kultura-aniztasuneko elkarbizitza sustatzea herrian.
Eta lagundu du horretan?
Oraindik goiz da esateko, baina baietz uste dut. Ez da gauza bera norbait zuregana gerturatu eta bere istorioa kontatzea, edo dokumental baten bitartez jende askorengana iristea hori. Horren bitartez iritsi gara ezagutzera, adibidez, nor den ondoko bizilaguna, inoiz hitz egitera gelditu ez garena.
Herri txikietan errazagoa izan daiteke integrazioa?
Herria nolakoa den arabera, errazagoa izan daiteke integrazioa, bai. Herri txikietan, errazago ezagutu dezakezu jendea, talde txikiak izaten direlako. Hirietan, anonimoagoa da pertsona bakoitza, eta etxebizitza bateko bizilagunek ere ez dute elkar ezagutzen.
Dokumentalean aipatu duzu, integraziorako tresna egokia izan daitekeela euskara.
Hala iruditzen zait. Euskara ez da gauza bat, euskaldunon historiaren parte baizik. Nabaritu egiten dut, 'hola, buenos días' beharrean 'iepa, kaixo' esanez agurtzen baduzu norbait, alaitasunez hartzen zaituela. Errekonozimendu moduko bat da. Nik euskaraz oinarrizkoa besterik ez dakit, baina maitasun handia diot, daukan alde emozional hori transmititu didatelako. Eta baita zure hizkuntzan ezin hitz egitearen mina ere. Oso gogorra izan behar da, zarena izaten debekatzea; azken finean, euskaldunon izaeraren parte delako euskara. Jendea batzen du euskarak, eta euskaraz jakiteak horren parte egiten zaitu.
Orain gehiago hartzen duzu parte jardueretan?
Parte hartzen dut, eta bilatu egiten ditut, gainera. Interesatzen zait jakitea zer dagoen eta zer gertatzen den herrian. Noaua! aldizkaria, lehen, gainetik begiratzen nuen, ez nuelako ulertzen. Baina orain lasai irakurtzen dut, herriaren berri izateko.
Etorri berriei harrera egokia izateko, zer da ezinbestekoa?
Ulertzea kanpotik datorrena, ez datorrela bertakoei kalte egitera. Hona dator pertsona delako, bere eskubideak dauzkalako, eta bere bizi-kalitatea hobetu nahi duelako. Beharrak dauzkaten pertsonak dira kanpotik etortzen direnak. Sistemak berak eta instituzioek, hainbat zailtasun ezartzen dizkigute: Atzerritartasun Legea, errolda, lan kontratu baten beharra legezkoa izateko eta osasungintzara eta hezkuntzara sarbidea izateko... Eta etorri berriarekiko aurreiritziak baldin badauzkagu, eta pentsatzen badugu lanpostua kenduko digula, lapurreta egin, herria kutsatu... Horrek guztiak zaildu egiten du integrazioa. Denak gara pertsonak, eta immigrazioa gizartean txertatuta dago, bere ezaugarrietako bat da. Enpatia behar dugu, eta interesa izan jendea ezagutzeko, eta baita besteek gu ezagutzeko ere. Hori funtsezkoa da, herri inklusiboa izateko.