Margo eta ipuin artean ibili dira haurrak auzoetako ikastaroetan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 29a, 15:45

Hirugarren asteburuz jarraian, Lasarte-Oriako Udalak antolatutako ekimenaren bi saio egin dituzte larunbat goizean; oraingoan, Orian eta Sasoetan. 

Lehen hitzordua Brunet parkean zuten haurrek, 11:00etatik 13:30era bitartean. Bertan, elementu naturalekin estanpazio tailerra aurrera eraman dute. Joan den astean Atsobakar parkean kotoizko jantziak tindatzen irakasten aritu zen emakume berak gidatu du saioa eta orduan parte hartu zuen neskatoa ere bertaratu da. Gaur, ordea, ez zaio lagunik falta izan, lehen orduan lauzpabost baitzebiltzan margo artean. Ingurutik hartutako tamaina eta forma desberdinetako hostoak, loreak edota patata zatiak zigilu bilakatu dituzte etxetik ekarritako kamiseta edo oihal zatiak apaintzeko. 

Ordubete geroago, Jaizkibel plazan dena prest zegoen ipuin kontalariaren saiorako.  Aurrekoetan bezala, Lur Usabiagak istorio harrigarriak kontatu dizkie haurrei. Esaterako, txanpon bat erabilita Mikelek irakurtzen nola ikasi zuen azaldu die. Txus Alonso zinegotziak, urrutitik bada ere, jarraitu ditu bere hitzak.

Hauek izan dira auzoetako ikastaroen lehen txandako azken saioak. Urrian berrekingo diote ekimenari beste lau jarduerekin.