Ezinezkoa posible egin du Hodei Magoak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 29a, 19:39

Posible denaren eta ez denaren arteko mugak lausotu ditu Hodei Magoak kultur etxean egindako "Ezinezkoaren logika" ikuskizunean. Magia eta umorea  erabilita, haurrak eta helduak harritzea lortu du bere trikimailuekin. 

 

Ezinezkoa ezin daitekeena edo betetzen zaila dena da. Hodei Magoak argi azaldu die  haurrei zein helduei ikuskizunak iraungo zuen ordubetean areto barruan halakorik ez zela. Kanpoan gerta ezin daitezkeen gauza asko gertatuko zirela agertokian. Ezinezkoa errealitate bihur daitekeela, alegia. Eta hein batean hala izan da.

Zenbait zatitan moztu duen besoa osorik atera du kutxatik edo hutsik zeuden zilindroetatik zapiak eta bueltan sartzen ez zen arrozez betetako poto bat. Trikimailu errazak ikusgarriagoekin uztartu ditu eta fakirraren kasuren  argi erakutsi du zein zen, txikienak errepikatzen saiatzea saihesteko, agian.

Laguntzaile gisa guraso bat aukeratu du ausaz eta David Mateos zinegotziari egokitu zaio lana. Krispeta poltsa baten truke hiru lerroan jokatu du magoarekin. Berdindu egin badute ere, magia gertatu da, eta sortu duten irudia bat zetorren Mateosek aukeratutako trafiko seinalearekin.  

Umorez zipriztindutako saioa egin du magoak, etengabe ikus-entzuleekin elkar eraginez. Galderak egin dizkie, txaloak eskatu... parte har zezaten ahalegindu da, batzuetan behin baino gehiagotan saiatu behar izan badu ere.