Eñaut Elorrietak 'Irteera argiak' aurkeztu du zuzenekoan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 28a, 22:19

Bakarkako bigarren diskoaren abestiekin eta ibilbideko beste batzuekin atondutako errepertorioa ekarri du musikari bizkaitarrak kultur etxera.

Aretoa beteta topatu du Eñaut Elorrietak Manuel Lekuona kultur etxeko agertokira irtetean. 2019 urte amaieran kaleratu zuen Irteera argiak lana, baina hura zuzenean entzuteko aukera orain izan dute lasarteoriatarrek. Musikaria ez da bakarrik egon eszenario gainean, alboan izan ditu Fernando Neira baxu jotzailea, Ruben Caballero gitarrista, Borja Barrueta bateria eta Maite Larburu biolinista. 

Bakarkako bigarren diskoa du hau, estreinakoa izan zen Deserriko kantak kaleratu eta sei urte geroago  argitaratua. Lan berria "pertsonalagoa" dela argitu du eta azken urteotan gertatutakoa islatu nahi izan du bertan. Horren adibide, esaterako, duela bost urte hildako aitari eskainitako Zaldia eta behelainoa kanta. Hura aurkeztean azaldu duenez, urteotan beste abesti batzuk erditu ditu honekin "gustura gelditu arte". 

Elorrietak berak sortutakoekin batera, Uxue Alberdik idatzitakoak badira baita Jose Luis Otamendi, Bernardo Atxaga edota Joseba Sarrionandiaren idatzi musikatu batzuk ere. "Itzuliko ez zela uste zuen" azken honi eskaini dio bere pieza batean oinarritutako Geografia, aurreko lanean jasoa.

Une batez, Tren luzea, Ez dago ezer, Eguzki argitan... bi diskoetako abestiak eta beste batzuk uztartzen joan da emanaldian, argiak piztu eta irteerara bidean jartzeko ordua heldu den arte. 

 

Erlazionatuak

Eñaut Elorrietaren kontzertua

Txintxarri Aldizkaria 2021 mai 28 Kultura