'KUTXA BIRA'

Koplaka egin diote harrera Earra bertso-eskolako kideek egurrezko kutxari

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 28a, 15:49

Earra bertso-eskolako DBH 2 eta 3 taldeetako kideek kopla eder batzuk prestatu eta kantatu dituzte, gitarra eta guzti, Bizi gira...kutxa bira! egitasmoaren etorreraren harira.

KUTXA BIRA

Doinua: Haritzaren memoria

Herriz herri berpiztuaz

ahuldutako argia

“kutxa-bira” da ametsez

hornitutako habia.

Gure alea jarri nahi dugu

euskaradun geroa helburu

ez dadin eten haria

hori baita gure buruari

hizkuntzari eta munduari

zor diegun oparia.

 

Hitzan oinarritzen denez

 gure  herri izaera

altxor bat bailitzan zaindu

behar genuke euskera

Viedmatik hasita Baionara

eta Baionatik Segurara

alde batetik bestera.

Joan daitezela eskuz esku

ahal bezain goxo eta estu

gure ametsak aurrera

 

Ustekabean lehertu zen

krisi internazionala

ta handia da eragin

dun hutsune kulturala,

bildu ezina denez katea

guk egin ezin dugu bidea

kaxak burutu dezala.

“Kutxa-bira” da zaurientzako

zein identitatearentzako

sendagai emozionala.

 

Gara helburu berdina

duten horrenbeste lagun

hari solteen loturaz

sare bat sortu dezagun.

Mundua bizi bada borrokan

iparra galtzear dagon hontan

batera behar da jardun;

gure alde batu eta ekin

Ipar zein Hegoak elkarrekin

hegoak zabal ditzagun.

 

Pausu berriz hurbilduta

ahanzturen lokarrira

hitza bada gure lurra

lore berri bat hazi da.

Zaindu dezagun erein duguna

gure esku dago etorkizuna,

eraiki daigun neurrira.

Oreka ezean euskarria

herri libre baten aldarria

horixe da "kutxa-bira".

Erlazionatuak

Earra bertso-eskolakoen kopla ederrak

Txintxarri Aldizkaria 2021 mai 28 Kultura