'KUTXA BIRA'

Irakurle Txokokoek prestatutako testua, kutxara

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 28a, 15:50

Irakurle Txokoko kide Pablo Barriok Baga izeneko testua prestatu du, eta Tximistarretako parkean irakurri du, Kutxa Bira egitasmoari harrera egiteko ekitaldian. Amaitu ostean, egurrezko kutxan sartu du. Honela dio:

Baga

Txikiak ginenean, kalean, jolasean, Lasarte es tan pequeño, que no se ve en el mapa... kantatzen genuen, gaztelaniaz kantatzen genuen. Gaztelaniaz. Batzuek besterik ez genekielako kantatzen genuen gaztelaniaz, Lasarten beste hizkuntza bat zegoenik ere ia ez genekielako. Etxe barruan que batzuk hablan en vasco genekien bakarrik, horixe baino ez geniekien eta horregatik lasai-lasai kantatzen genuen gaztelaniaz. 

Beste batzuek, ordea, bazekiten beste hizkuntza bat bazegoela. Los que bakarrik etxe barruan hablaban en vasco bazekiten beste hizkuntza bat bazegoela, noski, nola ez zuten jakingo, etxeko sukaldean beste hizkuntza batean egiten baitzuten kantu, eta jolasa, eta errieta, eta barre, eta negar, eta abar. 

Euskaldunak ziren haiek, euskara baitzekiten. Baina bazekiten baita ere, ederki jakin ere, kalea ez zela beraien-beraiena zen etxeko mintzaira hartan kantu, jolasa, errieta, barre, negar, eta bar egiteko lekua. Ez, kalea ez zela lekua. Ezta sukaldea bera ere, ez zela lekua uste zuten askok. Total, zertarako? Ezertarako ez bazuen balio, arazoak sortzeko bakarrik, deskuidatuz gero. Garai hartan, beraz, ez Lasartek eta ez munduak ez zeukaten euskararen iraupena ziurtatuta.

Biga

Urteak pasa eta, egun, txikiak ginenak ez gara txikiak beste batzuk dira orain txikiak; eta Lasarte Lasarte-Oria da, apurtxo bat handiagoa, baina txiki-txikia hala ere, lehen bezala, mapa-mundian topatzeko luparekin begiratu behar da oraindik ere, tira, GPSa ere badugu orain, zeinek esan behar zigun orduan, baina txiki-txikia jarraitzen du izaten hala ere.

Egun, ordea, kalean jolasean ez dugu Lasarte es tan pequeño que no se ve en el mapa… kantatzen, ez gaztelaniaz ez euskaraz, ez dugu hori kantatzen. Baina, egun, zeinek esan behar zigun orduan, euskaraz ere egiten dugu kantu kalean, kantu, eta dantza, eta antzerkia, eta kirola, eta jolasa, eta errieta, eta barre, eta negar, eta abar, ez den-denek, baina askok eta askok bai, askok eta askok sukaldean eta kalean egiten ditugu horiek guztiak, horiek guztiak eta askoz gehiago ere, euskaldunak baikara egun asko eta asko.

Aurrerapauso asko eman ditugu eta pozik gaude, hobekuntza, hala ere, ez da berez etorri, lan asko egin da, lan pertsonala eta lan kolektiboa. Baina lan asko eginda ere egun ez Lasarte-Oriak ez eta munduak ere ez daukate euskararen iraupena ziurtatuta.

Higa

Egunen batean, egun txikiak direnak txikiak ez direnean eta txikiak beste batzuk izango direnean, ez dakigu Lasarte-Oria Lasarte-Oria izango den, ez eta mapa-mundian egongo den ere. Are gutxiago dakigu zer kantatuko duten. Baina jakin badakigu, kalean eta sukaldean, kantu, eta dantza, eta antzerkia, eta kirola, eta jolasa, eta errieta, eta barre, eta negar, eta abar egingo dutela.

Horregatik, gaur, hemen, lasarteoriatarroi mapa-mundian egokitu zaizkigun koordenada hauetatik, gure aletxoa jarri nahi dugu, gure konpromezua adierazi nahi dugu etorkizuneko txiki horiek euskaradun oso moduan bizi daitezen.

Horixe da gaur, hemen, gure gain hartzen dugun ardura. Ez da motxila bat, ez da zigorra, gure zortea baizik, gure plazerra, gure ohorea. Ezen, mundua anitzagoa eta aberatsagoa izateko, euskaradunok ez beste inork ezin baitio munduari euskararen soinua eskaini. Euskara baita munduari egiten diogun ekarpen ordezkaezina. Munduari, eta unibertsoari deskuidatzen bazara, zor diogun oparia.