'KUTXA BIRA'

Kutxa ametsez bete du Lasarte-Oriak

Iñigo Gonzalez Sarobe 2021ko mai. 28a, 15:53

Bizi gira...kutxa bira! lelopean, Euskal Herri osoa eta diaspora zeharkatzen ari da egurrezko kutxa bat. Maiatzaren 27an iritsi da Lasarte-Oriara, eta kulturaren arloan lanean ari diren hainbat eragilek harrera xume baina beroa egin diote, Tximistarreta parkean. 

Arroniz herritik (Nafarroa) iritsi da egurrezko kutxa Lasarte-Oriako Tximistarreta parkera, arratsaldeko zortzietan. Errigora egitasmoko kide Ibaik ekarri du, bertaratu direnen txalo artean. Kaxa txikia da, askok esperotakoa baino txikiagoa, baina Euskal Herriko eta diasporako norbanako eta eragileen amets guztiak kabitu dira orain arte, eta lasarteoriatarrenak ere bai. 

Ekitaldi xumea, baina beroa

Joxe Mari Agirretxek egin ditu aurkezle lanak. Hasi aurretik, Tximistarreta bertaratu direnei azaldu dizkie ekitaldiaren nondik norakoak. Osasun-egoera medio, antolatzaileek ez dute deialdi masiborik egin nahi izan, jende-pilaketak saiheste aldera. Hala, 50 bat pertsona gerturatu dira parkera, Lasarte-Orian lan ederra egiten ari diren zenbait eragileren izenean: Lasarte-Oriako AEK, Erketz EDT, Ttakun KE, Earra bertso-eskola, Irakurle Txokoa, Buruntzaldeako Gazte Sortzaileak eta Belarmeta. 

Nafarroatik Gipuzkoara kutxa ekarri duenak, Ibaik, Errigoraren gaineko zertzelada batzuk eman ditu. "Egitasmoak hiru ardatz ditu: euskara, auzolana eta elikadura-burujabetza". Horren ostean, Lasarte-Oriako AEK-koei eman die egurrezko kutxa, eta baita hitza ere. Ordezkariek azpimarratu dute "herri osoa" dela beharrezkoa euskara sustatzeko lana burutzerako orduan.

Tomax Arruti eta Pontxo Morales txalapartariek girotu dute ekitaldiaren hasiera, eta, ttun-ttun egiteari utzi diotenean, Lasarte-Oriako AEK-ko kideek egurren gainean utzi dute kutxa, ikurrina azpian zeramala. Horren ostean, Erketz EDT taldeko dantzari finek agurra dantzatu dute. 

Gorputzaren bidezko adierazbidetik, hitzezkora: Amets Arzallus bertsolariak idatzitako Hitza da gure lurra manifestua irakurri dute Ttakun KEko zuzendaritzako kide Mari Karmen Ormazabalek eta Edu Galardik.

Bertsoak, musika, literatura...

Diziplina desberdinak jorratzen dituzten eragileek parte hartu dute kutxa biraren ekitaldian. Esate baterako, Earra bertso-eskolak: kopla-sorta ederra prestatu eta kantatu dute, Lierni Rekondo arduradunak gitarra jo bitartean. Horren ostean, Buruntzaldeako Gazte Sortzaileak egitasmoko hiru kide aritu dira, Oihan eta Izar Agirretxe neba-arrebak eta Jon Mikel Azpiazu usurbildarra. Ekimena aurkeztu zuten iaz, herriz herri, eta kanta bat sortu zuten; letra zertxobait moldatu dute, kutxa birari erreferentzia egiteko.

Musikatik, literaturara: Irakurle Txokoko kide Pablo Barriok testu bat prestatu, irakurri, eta egurrezko kutxan sartu du, Tximistarretara bertaratutakoen txalo artean. Ondoren, Kukuka eskolako bi dantzari taldek emanalditxoa eskaini dute.

Amaitzeko, Belarmeta mendi-taldeko kideek hartu dute egurrezko kutxa. Oinez joango dira Hernanira gaur, eta kaxa han utzi, hernaniarrek ere ametsez bete dezaten. Igande honetara arte herriz herri mugituko da, Segurara iritsi arte.

Erlazionatuak

'Kutxa Bira' Lasarte-Oriara iritsi da

Txintxarri Aldizkaria 2021 mai 28 Kultura