Datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik koronabirusak kutsatutako 1.674 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik ia bederatzi (%8,7). Gehien-gehinak sendatu badira ere, tamalez, 22k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.
Beterri-Buruntza eskualdean, hamar kutsatu berri hauteman dituzte ostegunean. Gehienak, Lasarte-Orian, esan bezala, zortzi; eta bana, Andoainen eta Hernanin. Gainerako hiru udalerrietan, Urnietan, Usurbilen eta Astigarragan, berriz, ez dute kasurik gehitu. Sei herriek eremu horian jarraitzen dute, 300etik behera eta 60tik gora dauden intzidentzia-tasa metatuekin.
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, 7.903 proba diagnostiko burutu dituzte ostegunean eta horietako 358 positiboak izan dira. Hortaz, positibo tasa %4,5 da. Kasu berri horien lurraldekako banaketa honakoa da: Gipuzkoan, 138; Bizkaian, 171; Araban, 45; eta lau beste toki edo herrialdetakoak. Atzo, COVID-19ak eragindako 41 lagun ospitaleratu zituzten eta, haiek batuta, 174 dira Osakidetzako erietxeetan daude gaixoak; 103 ZIUetan.