Herritarren parte-hartzea ardatz hartu dute 'Herrigintzen' solasaldien azken saioan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 28a, 15:00

Lasarte-Oriako EH Bilduk antolatutako Herrigintzen solasaldi-zikloari amaiera eman diote ostegun arratsaldean: Herritarren parte-hartzea politika publikoetan: zertaz ari gara, nola eta zertarako?  mahai inguruan parte hartu dute Oñatiko zinegotzi ohi Nerea Zubia Blazquezek, Aztiker ikerketa eta berrikuntzako zuzendari Asier Etxenike Ugartek, eta, Lasarte-Oriako zinegotzi ohi Taxio Arrizabalaga Azpirozek. 

Hiru hizlariak aurkeztuz ekin diote Herrigintzen mahai-inguruen azken saioari, ostegun arratsaldean. Mahai ingurua bi zatitan banatu dute oraingoan ere: aurrenekoan, gonbidatuetako bakoitzak luze eta zabal hitz egin du bere esperientziari buruz; bigarrenean, berriz, galdera irekiak egiteko txanda ireki, eta hitzaldiaren gaiari buruz hausnartu dute.

Asier Etxenike Ugarte izan da hitza hartzen lehena, eta, entzuleak gaian kokatzeko, azaldu du Gobernantza 1989 ondoren indartu eta garatu den terminoa dela: "Neoliberalismoa areagotzen den garai batean garatzen da, Gobernuek erabakietan indarra galtzen hasten direnean". Gaineratu du hamarkadak igaro direla gobernantzaz hitz egiten, baina, gaur gaurkoz ez dagoela erantzun bat parte hartzeko modu egokien gainean. 

Azpimarratu du deliberaziorako espazio, harreman eta prozesuak behar direla, momentu jakin bateko erreferendum logika bat baino gehiago eta agente askok parte hartu beharko luketela, ikuspen partekatu batekin. 

Azken urteetan martxan jarri diren parte-hartze prozesuek "ikasketa asko" ekarri dituztela ere azaldu du, baina, nabarmendu du ikasketez gain, frustrazioak ere sortu direla: "Parte hartze ideietatik gobernantza ereduetara salto egiteko baldintzak sortzeko ere baliagarria izan dira esperientzia hauek".

Bere hitzartzea amaitzeko, aurrera begirako hiru gako plazaratu ditu: Aldaketa kultural bat behar dela kolaborazio logikak indartuz; Denboran gertatzen diren eraldaketak; eta, hausnarketa kolektiboa egin beharra, gelditu eta denbora hartuz.

Oñatiko Udalean izandako esperientziaren perspektibatik

Oñatiko Udaleko zinegotzi ohi Nerea Zubia izan da bigarren hizlaria, eta Udalean izandako esperientziatik hitz egin die solasaldia entzutera gerturatu direnei. Kontatu die baita ere, egindako ibilbideak gaur egungo hainbat proiektu gauzatzea posible egin duela.

Partaidetza helburu baino, "bidea" dela ikasi zutela azpimarratu du: "Komunitatean lan egitea eta boterea banatzea behar dira. Botere harremanak eta pribilegioak ezin ditugu alboratu. Partaidetza politika feministarekin erabat eskutik dator".

Gehitu du organigrama aldatzea ere beharrezkoa izan zela. Horrela, partaidetza eta garapen komunitarioa izeneko saila sortu zuten, egitura propio batekin. Arnas luzeko prozesuei erantzun beharra ikusi zuten. 

Amaitu aurretik azaldu du parte-hartzea ez dela menu batetik zein proiektu den gehien gustatzen zaiguna esatea: "Sukaldean elkarrekin sartu eta eskuak zikindu behar ditugu, platerak elkarrekin prestatzeko".

Herritarra Anitzen Sareaz

Tasio Arrizabalaga izan da hirugarren eta azken hizlaria. Kontatu du  2011-2015 legegintzaldian abiatu zutela Anitzen Sarea prozesua: "Herrira iristen diren lasarteoriatar berriei etorreran laguntzeko eta gure herria erakusteko sarea sortu genuen. Aniztasuna ospatu genuen". Esperientzia hartan ikasitakoaz hitz egin du. 

Kontatu du, nola Aztikerrek egindako ikerketa bati esker jakin zuten Lasarte-Oria Gipuzkoako herri anitzena zen, bertara egondako bi migrazio fluxuri esker. Ikerketa horretan ateratako beste zenbait ondoriorekin prozesu bat abiatu zuten, herriko eragileekin batera. 

Horrela, prozesuaren ondorioz etorreran lagundu eta herria erakusteko sarea sortu zela gaineratu du, eta sare horrek hainbat ekimen jarri zituela martxan:  "Ongi etorri gida bat osatu zen etorri berriek Lasarte-Oria eta bertako herri dinamika ezagutu zitzaten, herrian parte hartzea errazteko asmoz. Harrera bilerak ere egiten hasi ginen, erroldatutako pertsona guztiak gonbidatuz".

Herriko eragile ezberdinen arteko sinergiak sortzea ekarri zuela ere azpimarratu du, aditzera emanez, elkarrekin egitasmo berriak antolatu zituztela. 

Partaidetza udal politiken erdigunean jartzen bada, ekimenak herritarrenak bilakatzen direla, eta herria ehuntzen dutela hausnartuz amaitu du bere hitzartzea.