David Sanchezek bi sari irabazi ditu Videosub Euskadi txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2021eko maiatzaren 28a

Eskuinetik hasita bigarrena da David Sanchez herritarra. Argazkian, bere taldekideekin batera, Videosub Euskadi txapelketan. Argazkia: David Sanchez

CIMASUB itsaspeko zinema zikloaren zuzendaria da, eta bere lanek lehen eta bigarren postuak eskuratu dituzte

CIMASUB itsaspeko zinema zikloko zuzendari David Sanchez herritarraren bi lan saritu dituzte Gipuzkoako Urpeko Jardueren Federazioak antolatzen duen Euskadiko itsaspeko bideo txapelketan. Real Sociedad taldeko urpekaritza saileko kidea da Sanchez, eta talde horren izenean hartu du parte. Guztira hamasei parte-hartze egon dira, eta horietan hamar bideo-egilek parte hartu dutela jakinarazi du Sanchezek.

Lasarteoriatarrak, Daniel Landa Quirogarekin batera parte hartu du, eta bi sari irabazi dituztela jakinarazi dute biek. Editatutako bideoen atalean lehen postua eskuratu dute –Idoia Arteaga herritarrak idatzi du gidoia–, eta ediziorik gabeko bideoaen sailean, berriz, bigarren postua eskuratu dute.

Sanchezek eta Landak zorionak eman dizkiete parte-hartzaile guztiei, aurkeztu dituzten lan "handiengatik". Eta esker hitzak ere zuzendu dizkiete antolatzaileei, euren lanik gabe "ezinezkoa" litzatekeelako txapelketa egitea. Epaileak ere gogoan izan dituzte, eta, azaldu dute lehen esperientzia hori "oso positiboa" izan dela eta ziur daudela, etorkizunean egingo diren Videosub Euskadi txapelketak "emozio eta poz" handiak emango dizkiela.