Kultura eta Hezkuntzako dirulaguntzen epea zabaldu du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 27a, 18:34

Lasarte-Oriako kulturaren sustapenerako eta eskola orduz kanpoko jardueretarako dirulaguntzak eskatzeko epea zabaldik da. Horien onuradun izan daitezke interes orokorreko jarduerak garatzen dituzten elkarte edo irabazi asmorik gabeko zenbait erakunde

Lasarte-Oriako kulturaren sustapenerako eta eskola orduz kanpoko jardueretarako dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik da, eta uztailaren 5era arte izango da horiek eskatzeko aukera. Udalak jakinarazi duenez, kulturaren sustapenerako eta zabalkundearen programetarako deialdiaren diru kopurua 9.430 eurokoa dela, eta, eskola orduz kanpoko edo izaera osagarriko jarduera hezigarrien esparruko programetarako, berriz, 9.898,67 euro.

Dirulaguntzen onuradunak
Kulturaren sustapena eta zabalkundearen inguruko programei dagokien onuradunak izan daitezke Lasarte-Orian interes orokorreko jarduerak garatzen dituzten elkarteak eta izaera juridikorik gabeko beste erakunde batzuk. Eskola-orduz kanpoko jardueren kasuan, berriz, onuradun izan daitezke eskola-orduz kanpoko eta gurasoen formaziorako interes orokorreko jarduerak garatzen dituzten Lasarte-Oriako eskoletako gurasoen elkarteak.
Udalak jakinarazi duenez, aurkeztutako proiektuen artean banatuko ditu dirulaguntzak, betiere deialdi horietako baldintzak betetzen badituzte, eta jarraian adierazten diren balorazio-irizpideen arabera.

Aurkeztutako programaren edo proiektuaren ezaugarriei gehienez ere 40 puntu emango dizkiote, honako alderdi hauek aintzat hartuta: pertsona onuradunen edo parte-hartzaileen kopuruari gehienez ere 20 puntu; programak edo jarduerak egina duen ibilbideari eta errotze mailari gehienez ere hamar puntu; proposamen antzekoak dituen  programen koordinazioa, talde-ekintzei, gehienez, hamar puntu. 
Programaren edo jardueraren aurrekontuari, gehienez 40 puntu emango dizkiote, eta entitate eskatzailearen ezaugarriei, berriz, gehienez ere 20 puntu, baina honako alderdiak kontuan hartuta: entitatearen jarraikortasunari eta kaudimenari gehienez bost puntu; eta, programaren edo proiektuaren finantziazio-tasa. Eskatutako dirulaguntzaren eta entitateak edo taldeak jarritako baliabideen arteko proportzioari, gehienez hamabost puntu.

Laguntzen zenbatekoa
Esleituko den dirulaguntza bakoitzaren zenbatekoa zehazteko irizpideak ere eman ditu udalak; azaldu du onartzen diren eskabideek jasoko duten laguntzaren zenbatekoa zehazteko kalkuluak nola egingo dituzten.

Kopuru finkoak, laguntza bera bermatzen die deialdi honetako baldintzak betetzen dituzten eskatzaile guztiei. Laguntza horren batura totala, gehienez ere, deialdi horretarako ezarritako zenbatekoaren %30 izango da. Bestalde, eskaera bakoitzaren balorazioa egingo da. Kasu horretan, irizpideetan seinalatutako kontzeptuetariko bakoitzaren balorazioaren baturak puntu-kopuru total bat emango dio eskatzaile bakoitzari. Deialdi horretarako aurrekontu totalaren %70 eskabide onartuetan lortutako puntu-kopuruen totalaren artean zatituta aterako da ponderazio ekonomikoko indizea puntu bakoitzeko, eta hori eskatzaile bakoitzak ateratako puntu-kopuruarekin biderkatuta aterako da. Ebazpenerako proposamena eskatzaile bakoitzaren bi atal horien baturak osatuko du.

Justifikazio-kontuak aurkezteko azken eguna 2021eko irailaren 30a izango da. Urteko azken hiruhilekoan garatuko diren jarduerek edo programek 2022ko urtarrilaren 31 izango dute justifikazio-kontuak aurkezteko azken eguna.