Ostadar Atletismoko kideak, bikain asteburuan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 26a, 15:30

Ostadar Atletismo saileko Maider Rekondo (ezker) eta Enara Gonzalez (eskuin). Arg.: Ostadar Atletismoa

Enara Gonzalezek 20 urte azpiko Kluben arteko Espainiako txapelketako B finala irabazi zuen BAT taldearekin. Herritarrak bigarren postua lortu zuen luzera jauzian. Maider Rekondok, aldiz, Donostian izan zen kontrol saioan 43,68 metrora jaurti zuen diskoa. Bere marka ontzeaz gain, Espainiako rankingeko bederatzigarren postuan sailkatu da

Ostadar Atletismo saileko Enara Gonzalez 20 urte azpiko Kluben arteko Espainiako txapelketan lehiatu zen Bidasoa Atletiko Taldearekin. Maiatzaren 22an, Albaceten antolatu zen B finalean nagusitu zen BAT.  Gonzalezek luzera-jauziko proban parte hartu bere harritxoa jarriz; bigarren izan zen.

Bere marka hobetzen zuen 5,55 metroko jauzia egin bazuen ere, momentuan zegoen gehiegizko haizeak balio gabe utzi zuen. Txapelketen sailkapenei begira, beraz, 5,38 metroko jauziarekin konformatu behar izan zen.

Hala ere, Ostadar Atletismo saileko arduradun Oscar Goikoetxeak adierazi duenez, pozik daude Gonzalezek egindako lehiaketarekin.

Diska proba 

Horrez gain, asteburu honetan Donostian izan den kontrol proban, Maider Rekondok 43,68 metroko jaurtiketa egin zuen disko-jaurtiketa proban. Bere marka pertsonala ondu du eta aurtengo Espainiako rankingeko bederatzigarren postuan kokatu du herritarra. Beraz, Espainiako txapelketako sailkapena lortu dezake proba honetan. Dagoeneko pisu jaurtiketa proban sailkapena eskuratu du Ostadar Atletismoko kideak. Marka hau, gainera, Gipuzkoako hirugarren markarik onena da. 

Espainiako txapelketa prestatzeko eta markak ontzeko, asteburu honetan, hitzordu garrantzitsua dute Ostadarreko atletek, Gipuzkoako txapelketa.