Gol festa ederrak ez zuen saririk izan

Txintxarri Aldizkaria 2021eko maiatzaren 26a

Ostadar SKTko Jubenilen Ohorezko mailako taldearen erasoaldi bat.

Ostadar SKTko Jubenilen Ohorezko mailako taldeak ederki amaitu du denboraldia. Nagusitasunez 8-0 garaitu zuen Hernani, baina ezin izan du txapelketako helburua lortu.

Partida hasi baino lehen taldeak minduta dagoen Del Puerto jokalariari talde-kide guztiek sinatutako elastikoa eman zion.

Garaipenaren bila atera ziren Antxon Navarroren jokalariak. Hamabostgarren minutura arte, ordea, ezin izan zuen Ostadar SKTk arerioaren atea zulatu. Korner batean izan zen. 

Ostean, ordea, erraz iritsi zen. Areaz kanpoko jaurtiketa eskuadratik, erdiraketa eta errematea eta area barruko errematea. 4-0arekin iritsi ziren atsedenaldira.

Bigarren zatian, lehenaren antzera joan zen. Kosta egin zitzaion baloiari sartzea. 55. minutuan lostu zuen talde urdin-beltzak bosgarrena hegaleko pase baten osteko erremate batekin. Seigarrena ere antzeko jokaldia lortu zuen gola.

Nahiz eta 6 eta 0koa markagailuan egon Ostadar SKTko taldeak erasoan jarraitu zuen eta partida amaitzeko zegoela azken bi golak lortu zituen; bata atezaina dribalatuta eta bestea, erdiraketa bat buruz emanda.

Hiru puntuak etxean geratu arren, Jubenilen Ohorezko mailako taldea bere multzoko bigarren postuan sailkatu da 17 punturekin eta txapeldunen fasetik kanpo geratu da. Antxon Navarro entrenatzaileak azaldu digunez, "lehengo astean berdinketa lortu genuen eta nahiz eta aste honetan puntuak lortu, ez gara bigarren onenen artean sartu".

Jubenilen Ohorezko taldea, Del Puerto jokalariari elastikoa eman ostean. Arg.: Ostadar SKT

Ezin aurrera egin

Ez da hau lehen fasea amaitu duen Ostadar SKTko talde bakarra izan. Jubenil eta Kadeteen Ohorezko mailako taldeek ere azken jardunaldia jokatu zuten. Emaitzak honakoak izan ziren: Jubenil I. maila, Danena 2 - Ostadar A 3 eta Ostadar B 2 - Euskalduna 1; Kadeteen Ohorezko maila, Euskalduna 2 - Ostadar 1.  Talde urdin-beltzko taldeek ez dute hurrengo faserako sailkapena lortu.

Bestalde, Ostadar SKTko Erregional ohorezkoa mailako taldeak kopako final laurdena jokatu zuen Mariñoren aurka eta kopa altxatzeko lehiatik kanpo geratu da 7-0 galdu ostean.

Orain, lehiaketako bosgarren eta zortzigarren postuak zehazteko partidak jokatuko ditu. Lehena Urnietaren aurka izango da, larunbatean, 16:00etan.