Intza Fernandez herritarra, brontzea Gipuzkoako trainerilla txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2021eko maiatzaren 26a

Intza Fernandez (eskuineko lehena) Hondarribiko eskifaiarekin. Arg.: Hondarribia AE

Eusko Label eta Euskotren ligako traineruak denboraldi-aurrean ari dira lanean. Eskifaietako batzuk trainerilla ligaz baliatzen dira  ongi prestatu eta ligara euren puntu onenean iristeko. Gipuzkoako liga maiatzean jokatu da eta maiatzaren 16an, Gipuzkoako txapelketarekin amaitu zen. Hondarribia Bertako Igogailuak eta taldeko kide den Intza Fernandez herritarrak Gipuzkoako hirugarren postua eskuratu zuten Getarian lehiatu zen jardunaldian. Gipuzkoako txapela Kaiarriba-Donostiarrak eskuratu zuen eta bigarren Orio izan zen. Egun bat lehenago, maiatzaren 15ean, jokatutako sailkapen saioan hiru eskifaia horiek ere izan ziren lehen postuetan. Nahiz eta sailkatua egon Hondarribiako eskifaiak ez zuen maiatzaren 23an jokatu den Euskadiko txapelketan parte hartu.