Sormena lantzeko beste bi proposamen

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 22a, 17:24

Lasarte-Oriako Udalak antolatutako auzoetako ikastaroen saio berri bana egin dute goizean Atsobakarren eta Zabaletan. 

Joan den asteburuan Zumaburu plazara bertaratutako haurrek  baratze txiki bat martxan jartzen ikasteko aukera izan zuten bezala, gaur, kotoizko jantziak tindatzen nola moldatzen diren ikustekoa izan dute. Atsobakar parkeko estalduran 11:00etatik 13:30era bitartean dena prest izan dute; lehen orduan, ordea, neskato bakarra zebilen irudimena lantzen. Tailerraren gidariak esandakoa arretaz jarraituz, gomekin korapiloak egin eta koloreztatuta zapiak tindatu ditu. Prest zuen ere etxetik ekarritako kamiseta bat eskura zituen materialak baliatuta apaintzeko. 

Zabaletan, berriz, eguerdian zuten istorio bitxiak entzuteko hitzordua. Basotxo plazan egitekoak ziren, baina tarteka egin duen euri arinak ekimena frontoira lekualdatzea ekarri du. Hala, eguerdian ipuin kontalariaren inguruan osatutako biribila bederatzi haurrek bete dute. Adi entzun dituzte Lur Usabiagaren hitzak, eta hala eskatu dienean, laguntza ere eman diote, adibidez, hazietatik ernatzen diren barazki edo frutak izendatzen. 

Datorren larunbatean, Sasoetan entzungo dituzte ipuinak eta Orian elementu naturalekin estanpatzeko tailerra burutuko dute.