Baserritik kabaretera bidaia

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 21a, 21:55

Manuel Lekuona kultur etxeko auditorioa The Pink Flamingo cluba bilakatu du Elur Sorkuntza Etxea konpainiak. Esnatu naiz ikuskizunak musika, dantza eta antzerkia uztartzen du Peioren bizi bidaia kontatzeko. 

 

Peio baserrian jaiotako eta hazitako gaztea da Ingalaterrara joatea erabakitzen duenean. Argi du bere identitate sexuala zein den, baita bere inguruan ulertzen ez dutela ere. Hala, Londresera doa eta The Pink Flamingo clubean lana aurkituko du. Platerak garbitzen hasiko bada ere, ezustean asmatuko duen koreografia, ikuskizun arrakastatsu bilakatuko du. Horretarako Peio atzean utzi eta Elur bilakatuko da. 

Hamar urte geroago, atzera begira, bizitza goitik behera nola aldatu zaion kontatu dio ikusleei. Ileordeak eta jantziak aldatzen dituen moduan, istorioaren pasarte batetik bestera jauzi egin du, identitatea eta giza harremanak aztertuz. Umorea nagusi bada ere, bizitzan bezala, tristurak ere bere tartea du kabareteko gertakarien artean.