Mendebaldeko Sahararen egoeraren zergatiak aztertu ditu Juan Soroeta katedradunak

Txintxarri Aldizkaria 2021eko maiatzaren 21a

Mendebaldeko Sahararekiko Euskal Herriko Lagunen Elkarteak antolatuta, MunduBat eta Gune Irekiak Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeek (GGKE) ekoiztutako Ocupación SA dokumentalaren emanaldia egin dute ostiral arratsaldean Mercero Gunean. Film laburra amaituta, Nazioarteko Zuzenbidean katedradun Juan Soroetak eta MunduBateko langile Fernando Vaquerizok Mendebaldeko Sahararen egoerari buruz hitz egin dute. 

Hiru hamarkada daramatza adituak gatazka gertutik jarraitzen. Dokumentalean ikusitakoari tiraka hasi da hizketan, bertan ageri diren zenbait emakumeri gertatutakoa gogora ekarri eta lurralde okupatuetan daudenen adorea nabarmenduz, “ez dute beldurrik eta ez dira geldituko”. Nazioarteko ikuskatzaile gisa hainbat sahararren epaiketetan izan da Soroeta eta “antzerki surrealista” bezala definitu ditu. Hala ere, haietan epaituak izan direnen jarrera goraipatu du. “Torturatuak izan badira ere, ez dute gorrotorik” eta bide baketsutik irtenbidea lortu nahi dute. 

Horri lotuta, dokumentala egin duten GGKEtako bateko langile eta ekitaldia antolatu duen taldeko kide den Fernando Vaquerizok proiektuaren xedea azaldu du. Hain zuzen ere giza eskubideen urraketa erakutsi nahi zuten, ez gobernuek egindakoa bakarrik baita enpresen aldetik jasaten dutena ere. Halakoak jasaten dituzten herrialdeen artean adibide garbiena da Mendebaldeko Sahara. Espainiako enpresa garrantzitsuenetako askok interesak dituzte lur haietan eta ez diote jaramonik egiten nazioarteko zuzenbideak dioenari. Esaterako, zehaztu dutenez, Siemens-Gamesa euskaldunaren energia errotarik gabe ez litzateke fosfato meatzea martxan jarriko. 

Halako interesak babesteak azaltzen du azaroan piztutako gatazkaren berri apenas ematea eta Espainiak Marokoren "xantaia" onartzea. Vaquerizoren esanetan, "Marokoko Erreinuak hiru txorrota baliatzen ditu: arrazoia ematen badidazu Saharan, txorrota itxiko dut migrazioa, haxixa eta terrorismo islamistari dagokionean. Bestela, zabaldu egingo dut. Aste honetan gertatutakoak argi erakusten du hori". Soroetaren ustez, egunotako krisia "abisu txiki bat" besterik ez da izan eta erreinuko agintariek "hanka sartu dute". Gainera, aste gutxitan egoera are gehiago gaiztotu daitekeela aurreikusi du. Izan ere, hiruzpalau aste barru jakingo baita Maroko eta Europako Batasunaren arteko arrantza eta merkataritza akordioei buruzko Europako Justizia Auzitegiaren erabakia. "Dakidanez, baliogabetu egingo ditu. Hala izatea espero dut". Akordio horretako arrantzaren %96 Mendebaldeko Sahararen uretan egiten dute, eta epaia esperotakoa bada, migrazio arazoak nabarmen areagotuko dira. “Marokon eta Mendebaldeko Saharan ez da inor mugitzen gobernuak jakin gabe”.

Bertaratutakoen galderak erantzuten ere ahalegindu da testuinguru historikoa azaldu eta bere bizipenak partekatuta. Nazioarteko zuzenbidea, zalantzarik gabe, sahararren alde badago ere, helburua lortuko duten ez du horren argi.