COVID-19

Kasu berririk ez dute atzeman ostegunean Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 21a, 13:01

Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak osteguneko datuekin osatutako  txostena argitaratu dute. Horren arabera, herrian ez dute kasu berririk erregistratu azken 24 orduetan. Hori horrela, koronabirusaren eragina arintzen ari dela dirudi, behin-behinean, bederen; azken zazpi egunetan hamaika kasu zenbatu baitituzte. Hilabetea hasi zenetik, berriz, 79 izan dira. Intzidentzia-tasa metatuak jaisten jarraitzen du; gaur-gaurkoz 262,54 da.

Baieztapen berririk izan ez denez, Lasarte-Oriako datuak bere horretan mantendu dira: 2020ko martxoaren 18tik gaur arte 1.648 herritar kutsatu ditu koronabirusak, biztanleriaren %8,6; horietako 22 ez dira osatu eta hil egin dira. Orain artekoan, azaroa izan da intzidentzia gehieneko hilabetea: 275 positibo diagnostikatu zituzten. 

Beterri-Buruntza eskualdeari dagokionez, zortzi kutsatze zenbatu dituzte, bezperako kopuru bera. Hiru, Hernanin; bi, Andoainen, eta bana, Urnietan, Usurbilen eta Astigarragan. Usurbil eremu horira pasatu da, gainerako udalerri gehienak bezala. Salbuespena Hernani da, eremu laranjan jarraitzen du. 

Euskal Autonomia Erkidegoan ostegunean burututako 7.719 proben bidez 396 positibo diagnostikatu dituzte, bezperan baino 45 gehiago. Haietako 133, Gipuzkoan; 233, Bizkaian, 27, Araban eta hiru beste toki edo erkidegotakoak dira. 

Atzo koronabirusak eragindako 44 lagun ospitaleratu zituzten, eta horiek batuta 226 dira Osakidetzako erietxeetan dauden gaixoak, 130 ZIUetan.