Ongi hasi zuen lehiaketa maiatzaren 16an. 400 m. libreetako proban, zilarrezko domina eskuratu zuen 2004an jaiotako igerilariak, 5:06,16 denbora eginez. Podiumaz gain, proba horretako Espainiako errekor berria ezarri zuen, berriro ere, Buruntzaldea IKTko igerilariak eta 200 metroko pasean ere errekorra ondu zuen, 2:27,85.
Asteartean, 100 m. tximeletan S9 mailako igerilariekin lehiatu zen igerilari gaztea, berak baino desgaitasun gutxiago duten pertsonekin. Beraz, ez zuen erraza domina eskuratzea. Hala ere, Sailkapen proban 1:19:97 denbora egin eta bere esku zegoen Espainiako errekorra berritu zuen. Finalean, berriz, seigarren izan zen gaztea eta ez zuen goizeko marka hobetzerik izan.
100 m. libreetan lehiatu zen, asteazkenean. S8 mailako igerilariek finala jokatu zuten. Lehen luzean dominarik lortuko ez zuela zirudien arren, bigarrenean tartea gutxitu, eta ehuneko gutxi batzuengatik ez zuen berriro zilarrezko domina jantzi.
Hirugarren postua eta marka pertsonala lortu zituen: 1:09,31. Marka hori, gainera, Espainiako errekor berria ere bada.
50 m. libreko probarekin ere ausartu zen igerilari gaztea. 33,21 marka eginez, bosgarren postua eskuratu eta bere marka pertsonala ondu zuen.
Gaur, maiatzaren 21ean, txapelketari amaiera emateko, Zudairek 200 m. lau estilo proba lehiatuko du.
Lehiaketa ugari
Asteburu honetan, Buruntzaldea IKTko kideek hainbat hitzordu dituzte. Maiatzaren 22an eta 23an, Trofeo Internacional de Natación Villa de Gijón txapelketa antolatu da eta bertan izango dira Aintzane Sarobe eta Nora Imaz gazteak Gipuzkoako selekzioarekin lehian.
Borja Apeztegia taldeko prestatzaileak azaldu duenez, txapelketa hori Igeriketako Europako Ligan eta Espainiako Igeriketa Federazioaren Grand Prix zirkuitoaren barnean dago.
Sarobek lau probatan parte hartuko du: 50 metroko tximeleta proba eta estilo libreko 50 metrokoa; eta 100 m. eta 200 m. probetan. Imazek, aldiz, bi proba lehiatuko ditu: 100 m. eta 400 m. libre probak.
Era berean, maiatzaren 22an, Eneko Elizasu, Unai G. Somovilla eta Garazi Etxeberria Gasteizen izango dira selekzio arteko Euskadiko Txapelketan parte hartzen.
Gipuzkoako selekzioarekin lehiatuko dira eta Bizkaiko zein Arabako taldeen aurka ariko dira puntu gehien lortzeko asmotan.
Hiru proba egingo ditu Somovillak: 50 m., 100 m. eta 200 m. bular proba. Elizasuk eta Etxeberriak, berriz, bina: Elizasuk, 1500 m. eta 400 m. libre probak; Etxeberriak, 50 m. eta 100 m. libre probak.