Gaur iritsiko da aldarrikapenen kutxa Lasarte-Oriara

Txintxarri Aldizkaria 2021eko maiatzaren 27a

'Kutxa bira' egitasmoa Gernikan egin duten uneko argazki bat. IPARRA-HEGOA

Bizi gira...kutxa bira! lelopean, Euskal Herri osoa eta diaspora zeharkatzen ari da Euskal Herriko egurrezko kutxa bat. Martxoaren 20an abiatu zen kutxa, Argentinako Viedma hiritik, eta Euskal Herri osoa zeharkatuko du maiatzaren 30era bitarte. Egun horretan Segurara (Gipuzkoa) iritsiko da kutxa, baina, hara heldu aurretik Lasarte-Oriatik ere igaroko da. Gaur, maiatzak 27, ostegunarekin, jasoko dute herritarrek egurrezko kaxa.

Kutxa jasotzen duen herri bakoitzak, bideo bat egiteaz gain, aldarrikapen edo amets bat sartu beharko du, eta, horrekin batera, hurrengo herriari egindako gonbidapen-agurra ere idatzi beharko du. Horrez gain, Euskal Herri osoari zuzendutako manifestu bat ere izango du barnean kutxak, herri guztietan irakurriko dena.

Kutxa Bira Iparra-Hegoa elkarteak martxan jarritako egitasmoa da. Elkarte horrek 25 urte daramatza euskal nortasuna, euskararekiko atxikimendua eta herri izatearen kontzientzia pizteko lanetan.

Lasarte-Oriako egitaraua
Aurrez esan bezala, datorren ostegunean jasoko dute lasarteoriatarrek egurrezko kutxa. Nafarroako Arroniz herritik iritsiko da Lasarte-Oriako Tximistarreta parkera, 20:00etan. Kokaleku hori aukeratu dute, leku "eder bezain lasaia" delako, eta, eguraldiak lagunduko ez balu, Oriarte Institutuko estalkian egingo dutela iragarri dute.

COVID-19ak eragindako osasun egoera dela-eta, antolatzaileek ez dute deialdi publikorik egin, baina, bertan parte hartu nahi duen eragile edo herritarrik bada, honako telefono zenbakira deitu behar dute: 616 43 21 69. Dena den, jakinarazi dute 50 pertsona bildu ahal izango direla gehienez, "segurtasuna bermatzeko".  

Dagoeneko baieztatu dute hainbat eragileren parte-hartzea. Aurreratu duten informazioaren arabera, Zabaleta auzoko txalapartariek ongi etorria emango diote Arroniztik etorriko den Errigorako ordezkariari. Horren ostean, Erketz Dantza Taldeak Agurra dantzatuko du, eta, jarraian, Amets Arzallusek Euskal Herri osoarentzat egin duen idatzia irakurriko dute. Hori amaituta, Lasarte-Oriako Gazte Sortzaileek abestu egingo dute, eta Earra! bertso-eskolako kideen eskutik bertso saioa izango da.

Literatur Txokoko lagunen txanda izango da gero. Lasarte-Oriako mezua irakurri eta egurrezko kutxan sartuko dute, eta hori eta gero, Kukukako dantzariek dantza emanaldia izango da. Amaitzeko, Belarmeta mendizale taldeak hartuko kutxa; eurak arduratuko dira hurrengo egunean, maiatzaren 28an, Hernaniko ordezkariei eramatera joateaz, oinez. Ekitaldia ixteko, adarra joko dute eta talde-argazkia aterako dute.