Beste urtebete atzeratuko da Euskararen X. Maratoia

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 21a, 11:37

Ekitaldiak "merezi duen baldintzetan" ospatu ahal izateko, Lasarte-Oriako euskararen festa handia atzeratzeko erabakia hartu dute Ttakun Kultur Elkarteak eta Udalak. Herritar guztiei gonbita luzatu diete hitzordua iristen denean, bertan parte hartzera animatu daitezen

Ttakun Kultur Elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak Euskararen X. Maratoiko zortzikotea osatuko duten kideekin batera, Euskararen X. Maratoia urtebetez atzeratzea erabaki du, berriz, aurten ere.Jakinarazi dute antolaketa lan batzuk aurreratuta dituztela iaztik, baina Euskararen Maratoia "ondo, bere izaerak eskatzen dituen baldintza guztiekin" ospatu behar dela lehenetsi du Jon Antxordoki Udaleko Euskara Batzordeko lehendakariak.

Mari Karmen Ormazabalek, Ttakun Kultur Elkarteko lehendakariak ere gauza bera azpimarratu du, Euskararen Maratoia "erdizka" egiten hasiz gero, ez dela Euskararen Maratoia izango, eta behar dituen baldintzak ziurtatzeko urtebete gehiago itxaron behar baldin bada, hala egingo dutela.
Edozein kasutan, herritar guztiei gogorarazi diete euskaldun izan edota izan nahi dugun guztioi irekitako plaza izango dela Euskararen X. Maratoia eta herritar oro dagoela  gonbidatuta bertan parte-hartzera, bakoitzak nahi edota ahal duen moduan.

Iragartzeko, 'Hamar atzamar'
Herriko ekitaldi kuttunaren hamargarren edizioa iragartzeko Hamar atzamar abestia egin zuen zortzikote bihurriak iaz. 2020ko urriaren 17an eta 18an ospatu behar zen Euskararen X. Maratoia, baina, garai hartako pandemiaren egoerak hala behartuta, ezinezkoa izan zen. Dena den, ospakizun handirik gabe, baina etxeetako balkoietan dantza egiteko deia egin zuen zortzikoteak, eta izan ziren bozgorailuak martxan jarri eta dantza eginaz Euskararen Maratoia gogora ekarri zuten herritar bat baino gehiago.

Orain 34 urte ekin zioten udalak eta Ttakun Kultur Elkarteak Euskararen Maratoia antolatzeari. 1986. urteko 40 ordu baietz! izan zen lehenengoa; urriaren 25 eta 26a zen, larunbat eta igandea eta Joxe Mari Agirretxek, Bixente Beltranek, Mailu Arrutik, Jexux Izetak, Agus Mujikak, Anabel Izagirrek, Natxo Izetak eta Jon Iñaki Elexpuruk osatu zuten zortzikotea.

Lasarte-oriatarrek bizitu duten azken maratoia 2016. urtekoa izan da. Irten armairutik bederatzigarrena izan zen, eta bertan agertu ziren, lehen aldiz, Ahobizi eta Belarriprest figurak. Deseatzean izango dira horiek ere, datorren urtean, Okendora agertu eta herritarrekin euskararen jaia ospatzeko.