Larunbatean, maiatzaren 15ean, Naroa Furundarena Ostadar SKTko atletak Espainiako Klubeko Iberdrola Ligako hirugarren postua eskuratu zuen BAT taldearekin batera. Furundarenak bere luzera-jauzia eta jauzi hirukoitza probetako jardunarekin podiumean egoteko puntuak eman zizkion taldeari.
Ostadar Atletismo saileko kideak hirugarren postua lortu zuen luzera-jauzian. Lehen saiakeran huts egin ostean, bigarrenean 5,86 metroko jauzia egin zuen Furundarenak, bere marka pertsonala onduz. Horrez gain, beste baleko jauzi bat ere egin zuen, 5,85ekoa.
Jauzi hirukoitzean ere marka pertsonal berria ezarri zuen herritarrak, baita Espainiako txapelketarako gutxienekoa lortu ere. 12,70 metroko jauziarekin bigarren postua eskuratu zuen. Lehiaketako lehen jauzian lortu zuen marka eta bigarrenean ere marka bera egin zuen. Baleko ez ziren hiru jauziren ostean, 12,49ko jauzi bat ere egin zuen lehiaketari amaiera emateko.
Era honetara, Ostadar Atletismo taldeak bi atleta izango ditu lehenengoz absolutu mailako Espainiako txapelketan: Naroa Furundarena eta Maider Rekondo. Oraingoz biak proba bakarrean parte hartuko dute; Furundarena, jauzi hirukoitza proban eta Rekondo, pisu proban. Hala ere, Oscar Goikoetxea taldeko prestatzaileak adierazi digunez, biek dute beste proba baterako sailkatzeko aukera ere; Furundarena, luzera-jauzia proban eta Rekondo, disko proban. "Espainiako rankingeko lehen hamabiak bakarrik sailkatuko dira txapelketara. Rekondo egun disko jaurtiketa probako hamargarren da; Furundarenak, berriz, sei metroetara gerturatu beharko du". Proba ekaina amaieran egingo da Getafen, beraz, hilabete du Furundarenak luzera-jauziko marka hobetzeko.
20 urte azpiko lehia
Bestalde, BAT taldea 20 urte azpiko Kluben arteko Espainiako txapelketarako sailkatu da. Larunbatean jokatuko da lehia Albaceten eta bertan izango da Enara Gonzalez herritarra.
Gonzalez luzera-jauzi proban lehiatuko da eta bere mailako Espainiako txapelketarako gutxienekoa lortzeko aukera berria izango du. "Bere marka ondu berri du, 5,52 m., eta bere mailako Espainiako txapelketarako gutxienekora, 5, 67 m., hurbiltzeko aukera garbia du," azaldu du Goikoetxeak.