COVID-19

Hiru kasu berri antzeman ostean, eremu horian sartu da Lasarte-Oria

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 20a, 13:30

Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak asteazkenean bildutako datuekin txostena argitaratu dute. Lasarte-Orian hiru kasu baieztatu dituzte maiatzaren 19an, bezperan baino bi geahigo. Hilabetea hasi zenetik 79 positibo zenbatu dituzte gure herrian. Intzidentzia-tasa metatuak jaisten jarraitzen du; gaur-gaurkoz eremu horira iritsi da, 278,29ko tasarekin

Datu ofizialen arabera, 2020ko martxoaren 18tik gaur arte 1.648 herritar kutsatu ditu koronabirusak, biztanleriaren %8,6. Pertsona horietatik 22 ez dira osatu, eta bizia galdu dute. Osakidetza eta Osasun Saila kutsatzeak neurtzen hasi zirenetik, 2020ko azaroa izan da intzidentzia gehieneko hilabetea Lasarte-Orian (275 kutsatze detektatu ziren).

Zortzi positibo eskualdean

Beterri-Buruntza osatzen duten sei herrietan zortzi kutsatze detektatu dituzte maiatzaren 19an: hiruna Lasarte-Orian eta Andoainen, eta bana Hernani eta Usurbilen. Udalerri guztiak eremu horian daude, Hernani eta Usurbil izan ezik (laranjan daude). 

Kutsatzeek behera egin dute

EAEko hiru lurralde historikoetan 351 kasu diagnostikatu dituzte asteazkenean (bezperan baino 17 gutxiago), horietatik 101 Gipuzkoan. 8.386 PCR eta antigeno-proba egin dira kutsatze berriak atzemateko; horien positibotasun-tasa %4,2 izan da.

Egoera oraindik lasai egoteko modukoa ez bada ere, Osakidetzako ospitaleetako presioa arintzen ari da egunez egun. Plantetan 243 pertsona (asteartean baino hiru gutxiago) daude ingresatuta; horietatik 131 (=) ZIU unitateetan daude, sintoma larriak dituztelako. Asteazkenean 46 paziente (-2) erietxeratu behar izan dituzte koronabirusagatik.