Partida ongi hasi zuen Jon Lopezek zuzentzen dun taldeak. Hegaldietatik eta batez ere kornerretatik laupa bost gol aukera eduki zuen taldeak baina ez zuen asmatu. Lehen zatiko azken momentuan, kornerrez aurreratu zen Amara Berri.
"Oso ondo sartu ginen partidan eta denboraldiko lehenengo zati onenetarikoa egin genuen. Golak psikologikoki mina egin zigun eta ez genuen bigarren zatia hain ondo hasi," aipatu du taldeko prestatzaileak.
Talde urdin-beltzeko atezainak penalti bat gelditu arren, gutxira bigarren gola jaso zuen I. erregionalak kornerrez. Hirugarrena ere sartu zuen Amara Berrik. Bukaera arte saiatu zen etxeko taldea partidari buelta ematen, baina gol bakarra sartu zuen 87. minutuan.
Era honetara, talde urdin-beltza txapeldun faseko ateetan geratu da. Azken asteetan lehen postuetan egoteko borrokan egon da. "Lehenengo zazpi partidetatik sei irabazi genituen eta beraz goiko postuetan geunden. Egia da aurkari indartsuen kontra jolastea falta zitzaigula baina garaipen bakarra behar genuen," onartu du Lopezek.
Aurreko astean Luberriren kontra irabazten hasi arren, partida galdu zuen Ostadar SKTk eta aste honetan ere ez du helburua lortu. Amara Berriren eta Vasconiaren garaipenek laugarren postura eraman dute.
"Pena da. Batez ere, hasieran egindako lanari amaiera ez diogulako eman. Baina orokorrean harro gaude taldeak egindako lanarekin," nabarmendu du I. Erregionaleko prestatzaileak.
Kadeteek ere, lehen fasea amaitu
Erregionalez gain, kadete mailako taldeek ere lehen faseko azken jardunaldia zuten eta emaitza ezberdinak lortu zituzten.
Ostadar SKTko A taldeak garaipeneko puntuak eskuratu zituen Astigarragako Mundarro taldearen aurka, 0-4.
B taldearen partidan ere emaitza bera izan zen, baina irabazlea arerioa izan zen, Real Sociedad.
Texas Lasartearra taldeko gaztetxoek ere ez zuten zorterik izan eta Danena Bren aurka galdu zuten, 0-2.
Hiru talde horiek ere txapeldunen fasetik kanpo geratu dira.
Kopa eta azken jardunaldia
Bestalde, Erregional Ohorezko mailako taldeak kopako lehiaketa hasi zuen. Bergararen aurka jokatu zuen aurretiko partida eta garaitu zuen, 0-1. Aste honetan final laurdenari aurre egin beharko dio taldeak eta Mariño izango du arerio.
Maiatzaren 15-16ko asteburuko gainerako emaitzak honakoak izan ziren: Jubenilen Ohorezko maila, Astigarragako Mundarro 0 - Ostadar SKT 0; Jubenil maila, Kostkas B 5 - Ostadar B 0; Kadeteen Ohorezko maila, Ostadar SKT 0 - 4 Hernani. Talde hauek guztiek asteburu honetako jardunaldian amaitu dute lehen faseko lehia.