Talde urdin-beltzak ongi hasi zuen partida. Defentsa indibidualak eta zonaka defentsa tartekatu zuten eta area barruan jokoa asko kargatu zuten. Arerioak ez zuen espero eta 11-6ko markagailua lortu zuen Ostadarrek lehen 5 minutuetan. Bi taldeetan errotazioak egin zituzten, tinko eutsi zion Ander Otaegiren taldeak eta lehen laurdena eskuratu zuen, 22-16.
Bigarren laurdena, ordea, bestelakoa izan zen. Arerioak erritmo handia ezarri zion jokoari. Ostadarri erritmoa jaistea komeni zitzaion, baina ez zuen lortu eta Mondragonen tranpan erori zen. "Ikaragarria izan zen laurdena, akats bat bestearen atzetik. Eskerrak amaieran bi kanasta jarraian lortuta aurretik heldu ginen atsedenaldira, 30-25," azaldu du taldeko prestatzaile Otaegik.
Nahiz eta atsedenaldia hitz egin, Ostadarrek ezin izan zuen hirugarren laurdenean arerioaren jokoa zapuztu. "Gu, ez geunden gustura eta kanpokoak garaipenean sinesten hasi ziren. Erasoan ez genuen jakin haien 1-2-2 eta 3-2 zonakako defentsen kontra jokatzen, baloiak galtzen jarraitzen genuen eta ezin gure abantailak bilatu. Defentsan sekulako hutsegiteak eta haien jaurtitzaile onenari, 24 zenbakiari, bakarrik jaurtitzen uzten genion," nabarmendu du prestatzaileak. Laurden amaieran atzetik zen etxeko taldea, 38-40.
Azken laurdena ere ez zen ongi hasi. Arerioak hirukoa sartu zuen. Baina urdin-beltzek erasoan nola jokatu ikasi eta kanasta azpian jaurtiketa errazak sartzen hasi zen. Kanpoko bi jaurtiketa jarraian sartzea lortu zuen, hiruko bat eta 54-46, zortzi puntuko aldea lortu zuen etxeko taldeak, lau minutu faltan.
Gainera, arrasatearrak faltengatik jokalari bat galdu zuten hirugarren laurdenean eta sei jokalari bakarrik zirenez, ezin izan zuten erritmoa mantendu. Azken bost minutuetan ez zuten saskiratzerik lortu, defentsetara berandu iristen ziren eta amaieran aldea handitzea lortu zuen Ostadarrek.
Arerioa egokia ez zela nabarmendu du Otaegik, "partida ez da ona izan. Bagenekien Arrasateko taldea ez zela guretzako egokia, haien ezaugarriak kontuan hartuta"
"Asko kosta zaigu partidak eskatzen zuena ulertzea. Eskerrak, azken minutuetan erreakzioa etorri den eta kanpoko taldea indarrik gabe gelditu den," onartu du.
Senior mailako taldeei bi jardunaldi geratzen zaizkie lehen fasea amaitzeko eta sailkapeneko buru dago Ostadarreko seniorra. Asteburu honetan, ordea, ez dago lehiaketarik. Beraz, maiatzaren 29-30 asteburuan ekingo diote azken txanpari. Talde urdin-beltzak asteburu horretako partida bakarrik jokatuko du. Azken jardunaldian, atsedena izango baitu.
Azken partida hori, gainera, garrantzitsua izango da. "Ordu berean, beste begi bat Luberri-Zarautz partidan izango dugu. Partida hauen emaitzaren arabera, finalerako txartela lortu baitezakegu. Gure partida irabazi eta itxaron, ez dago besterik," onartu du talde urdin-beltzeko arduradunak.
Bigarren fasea ongi hasi
III. senior taldeak ere ZAST Zarautz ZKE taldea garaitu zuen bigarren faseko lehen partidan, 55-60.
Fase honetan, Zarautzeko taldeaz gain, Erroibide Irun eta CD Internacional dituzte arerio.Larunbatean, azken honen aurka jokatuko da, Mons kiroldegian.
Junior errendimendu taldeak, berriz ez zuen hainbesteko zorterik izan eta 54-63 galdu zuen Goierri UZ Baleikeren aurka.