LOKEko lau gimnasta Amateur txapelketako podiumean

Txintxarri Aldizkaria 2021eko maiatzaren 19a

LOKEko Ambar Rodriguez, Paula Martinez eta Garazi Gomez gimnastak. Arg.: LOKE Gimnastika

Urte bete baino gehiago lehiatu gabe egon ostean, LOKEko gimnastak ederki itzuli dira tapizera. Senior eta Jubenil mailako lau gimnastek lehen postuetan egotea lortu zuten, maiatzaren 16an, Tolosan jokatu zen Amateur lehiaketan. LOKEko bi kadete talde ere lehiatu ziren baina ez zuten hainbesteko zorterik izan

Urte zaila izan da LOKEko gimnasta taldearentzat baina indartsu ekin diote lehiaketari eta emaitza paregabeak lortu dituzte bakarkako lanetan.

Lehen postuan sailkatu ziren senior A mailako Garazi Gomez eta jubenil A mailako Maitane Arroyo. Gomezek pilota eta zinta lanak egin zituen; Arroyok, berriz, pilota eta borra lanak.

Podiumeko bigarren mailan izan zen Paula Martinez senior B mailan bere pilota eta zinta lanei esker.

Eta Ambar Rodriguezek pilota eta borra tresnekin lehiatu zen eta brontzezko postua eskuratu zuen jubenil B mailan.

Horiez gain, borren lanarekin Aitana Molanok seigarren postuan amaitu zuen kadete B mailako lehiaketa.

Mirian Prieto jubenilak ere parte hartzea espero zuen LOKE gimnastika taldeak, baina ezin izan zuen min hartuta zegoelako.

Taldeka ere lehiatu zen Lasarte-Oriako taldea eta kadete mailan bi ordezkari izan zituen. B1 taldeak zortzigarren postuan eta B2 taldeak bederatzigarren postuan sailkatu ziren.

Irakurketa ona

LOKEko arduradunak pozarren daude gimnasta guztiek eginda lanarekin.

Arduradunek jubenil mailako Ambar Rodriguezen hirugarren postua nabarmendu dute. "Lehen urtea da bakarka lehiatzen dena, orain arte taldearekin egongo da lanean".

Era berean, "kadeteen postuak onak ez diren arren, pozik gaude. Aurten lehiatu ahal izateko mailaz igo ditugu-eta," adierazi dute entrenatzaileek.

Horrez gain, aurten kirolariak prestatzeko zailtasunak izan dituztela jakitera eman dute LOKE gimnastikako kideek. "Eusko Jaurlaritzaren protokoloa jarraitu dugu eta 2020ko martxotik hona hilabete gutxi izan ditugu txapelketa prestatzeko".