Bikotekako txapelketarekin ekin diote goizari. Bi partida jokatu dituzte. Lehenengoan, Manuel Quesada eta Asier Navaridasek Hilario Olano eta Mikel Merino garaitu dituzten 4-1. Bigarrenean, berriz, Quesada eta Navaridasek Olano eta Beñat Lizaso izan dituzte aurrez aurre. Bi bikoteek erakutsi dute irabazteko nahia eta azken emaitzan isla du lehia estuak. Olano eta Lizaso izan dira irabazleak 9-10.
Hori horrela, ekainaren 26an Zumaiako pilotalekuan jokatuko den finalerako txartela lortu duten bikoteak Hilario Olano-Mikel Merino eta Manuel Quesada-Beñat Lizaso dira. Altuna hirugarren postuan geratu da eta ezin izan du finalera sailkatu.
Bestalde, buruz buruko txapelketako 3. eta 4. postuak jokoan izan dira Aingeru Senperena eta Asier Navaridas pilotarien artean. Navaridas gailendu zaio Senperenari 2-10. Txapeldun izateko indarrak neurtu dituztenak, berriz, Beñat Lizaso eta Mikel Merino izan dira. Lehena izan da txapeldun, 10-6.
Oso partida gogorrak eta tanto luzeak izan dira, buruz buru gurpildun aulkian jokatzeak dakarren nekeari eta esfortzuari aurre eginez. Koronabirusari lotutako protokoloak behartuta, ezin izan da ikuslerik gerturatu erakustaldia ikustera.
Amaieran, sari banaketa egin dute. Bertan izan dira Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko lehendakari Itziar Lete, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko lehendakari Blanca Aranguren eta Txus Alonso kirol zinegotzia.