Baratzeko oinarrizko lanak egiten ikasi dute haurrek Zumaburu plazan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 15a, 16:03

Larunbat goizean ekin diete Lasarte-Oriako Udalak antolatutako auzoetako ikastaroei. Orian eta Zumaburun egin dituzte lehenengo biak.

 

Eguraldi lainotsua ez da kale ekimenetarako aproposena izaten. Hala ere, estalki azpian jarrita gauzatu dute Zumaburu plazan baratza tailerra. 11etatik 13:30era bitartean dozena bat haurrek parte hartu du jardueran.

Dinamizatzaile lanak egin dituen emakumeak ezagutza teorikoak eta alderdi praktikoa uztatu ditu. Hala, batetik, azalpenak eman dizkie loreen zatiei buruz, hauen ugalketa prozesuaz... eta bestetik, lurrarekin eskuak zikindu dituzte edota uretan bustitako kotoi artean lekaleak jarri dituzte. Hau da, baratze txikia martxan jartzeko beharrezkoa ikasi dute. 

Orian, berriz, ipuin kontalari saioa antolatuta zegoen eguerdian Brunet parkean. Datorren larunbatean, Zabaletan izango da eta Atsobakarren kotoizko jantzien tindatze tailerra gauzatuko dute.