Tubacexeko langileei elkartasuna adierazi diete Michelingo ELA eta LAB sindikatuek

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 14a, 14:33

Laudio eta Amurrioko Tubacex lantegiek hiru hilabete daramatzate greban, enpresa burutzen ari diren kaleratzeen aurka protesta egiteko. Lanuzteak egiten ari diren beharginei elkartasuna adierazte aldera, hainbat enpresatan elkartasun-argazkiak egin dituzte gaur: tartean, Michelinen, ELA eta LAB sindikatuek deituta.

Tubacexen kaleratzerik ez! leloa irakur zitekeen langileek erakutsi dituzten karteletan; "enpleguaren alde borrokatzeko prest" daudela ere adierazi dute.

94 kaleratze

Laudio eta Amurrioko lantegietan beharrean aritzen diren 94 pertsona kaleratu ditu honezkero Tubacexek; beste 22k pizgarriekin utzi dute enpresa. Kaleratze horiek honezkero burutu diren arren, langileek protestan eta greban jarraitzen dute; otsailean hasi ziren.