Aho batez onartu dute Emakume eta Gizonen arteko II. Berdintasun Plana

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 15a, 13:27

Maiatzeko udalbatzarrean bildu da udal-korporazioa, ostegun arratsaldean. Bederatzi puntuko gai-ordena aurkeztu duten arren, horietatik bi mahai-gainean uztea erabaki dute. 

Arratsaldeko 18:30ak pasata ekin diote hilabeteroko ohiko saioari. Oraingoan, Lourdes Acevedo alkateordeak gidatu du saioa, Agustin Valdiviak ezin izan baitu eztabaida saioan izan. 

Lasarte-Oriako familientzat eskola-materiala erosteko eta merkataritza laguntzeko diru-laguntzen oinarriak aldatzeko proposamenarekin ekin diote saioari. Inolako alderik ez du eztabaidarako tarterik zabaldu nahi izan, eta zuzenean bozketa egin dute. Denak bat etorri dira lehen puntu horrekin, eta aho batez onartuta geratu da. 

Enpresa batzordearekin adostutako Arrazionalizazio-Planaren onarpenaz aritu dira gero, eta kasu horretan bai, bozketari ekin aurretik eztabaidarako tartea zabaldu dute. 

EAJko Boris Nogalesek hartu du hitza. Esan du eztabaida saiora aurkeztu den Arrazionalizaio-Plana ez dela eurek aurkeztu nahiko luketena eta hala jakinarazi dutela barne-erregimeneko batzordean ere: "Baikorragoak izan beharko genuela uste dugu eta neurri gehiago eta neurri gehiago ezarri, une honetan bozkatuko duguna baino Arrazionalizaio-Plan duinagoa izateko, eta, horrela, gure toki-administrazioa modernizatzen jarraitu ahal izateko".  

Gaineratu du bere alderdia ez dagoela "inolaz ere" langileen erretiro aurreratuaren primak jasotzearen aurka, baina azpimarratu dute Arrazionalizaio-Planak, eztabaidara ekarri denak baino anbizio handiagoa izan beharko lukeela, eta, horregatik abstenitu egingo direla aurreratu du. 

Nogalesen hitzartzea amaituta, puntua bozkatu dute eta horrela geratu da emaitza: ELOP Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos eta EAJ abstenitu egin dira, eta, EH Bilduk eta PSE-EEk, berriz, alde egin dute. Gauzak horrela, aurrera egin du puntuak.

Hurrengo puntura pasa aurretik, bozka-azalpena egin du EH Bildu alderdiak. Jon Martinek hartu du hitza. Azaldu du baiezko bozka eman duten arren, bozka hori "kritikoa" izan dela. Euren ustez planak "osatuagoa" beharko lukeela, gai gehiagori erantzun beharko liokeela, "anbiziosoagoa" izan beharko lukeela. Onartu dute, ordea, gaur gaurkoz udalak dituen antolakuntza-arazoei "modu urgentean" erantzuteko bide ematen diola: "Beharrezkoa den lanabes gisa ikusten dugu". 

Hirugarren puntuan Lasarte-Oriako Udalak eta Agintaritzaren Partzuergoak sinatu behar duten Gipuzkoako lurralde historikoko garraio publiko kolektiboan tarifak integratzeko sistema ezartzeko lankidetza-hitzarmenaren onarpena eskatu dute. Eta zuzenean bozketa egin dute; aho batez onartuta geratu da. 

Gai ordenako laugarren puntuan Lasarte-Oriako bidaiarien hiri-garraio publikoko zerbitzuan tarifak integratzeko sistema ezartzeko lankidetza-hitzarmena onartzea eztabaidatu dute. Gai hori ere, eztabaidarik gabe, aho batez onartuta utzi dute. 

Berdintasun planaz ere aritu dira

Lasarte-Oriako 2021-2025 Emakume eta Gizonen arteko II. Berdintasun Planaz aritu dira gero; bosgarren puntuan. Aurrera egin du aho batez, eta bozketaren ostean hartu dute hitza alderdi ezberdinetako ordezkariek. 

ELOP Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos alderdi izan da lehena. Argitu dute planak ahalbidetuko duela "beharrezkoak" diren "akzio eta neurriak" lehenbailehen martxan jartzea. 

EH Bilduko Uxue Loinazek hitz egin du gero. Esan du "ezinbestekoa" iruditzen zaiela Berdintasun Plana abian jartzeko berdintasun masterra duen gizarte langilea kontratatzea. Lehenetsi dute, gainera, kontratazio hori "azkartasunez" egitea. Gaineratu du EH Bildurentzat bigarren plan hori ez dela "herriko errealitatera" egokitzen. 

Seigarrena eta zazpigarrena, mahai-gainean

Seigarrena eta zazpigarren puntuetan, abeltzain eta otsoen gaineko gaia mahai gaineratu dute. Seigarrenean, Enba eta EHNE taldeak aurkeztutako "Mendiko abeltzaintza eta otsoaren populazioaren kontrolaren alde" mozioa landu behar zuten, eta, zazpigarrenean, berriz, bozeramaileen batzordeak bilkuran onartu ondoren, Euskadiko Otso Taldeak aurkeztutako "Abeltzaintza eta otsoak batera izateko ereduaren alde" mozioa. Horiek, aldiz, mahai gainean uzteko proposamena luzatu du Lourdes Acevedo alkateordeak. Azaldu du jakinarazi dietela nekazaritza ministerioak atzera egin, eta gaia gizarte-agente guztiekin lantzen hastea erabaki duela. Hori hala izanik, gaiak mahai gainean uzteko erabakia bozkatu dute, eta alderdi guztiek alde bozkatuta, mahai gainean geratu dira. 

Galdera eta erreguen tartea zabaldu aurretik EH Bilduren mozio bat eztabaidatu dute. Herriko elkarte gastronomikoei zaborren-tasan hobaria aplikatzea eskatu du alderdiak. 
Gaiak sortu du eztabaida apur bat, eta puntuka bozkatzeko eskaera egin dio EAJk. Eskaera onartu eta hala egin dute. 

Bi puntuko mozioa aurkeztu dute. Lehenengoari aldeko bozka ELOPek eta EH Bilduk eman diote, eta, aurkakoa, berriz, PSE-EEk eta EAJk. Hortaz, aurkako bederatzi bozkekin bertan behera geratu da. 
Bigarren puntuan, aldiz, aurrera atera da. EH Bilduk, ELOPek eta EAJk babestu dute. PSE-EE aurka agertu da. 

Hainbat izan dira galdera eta erreguen tartera ekarri dituzten gaiak: Udalbatzarretara herritarrak bueltatzeaz; protestan aritu diren udal eraikinen garbitzaileen gaiaz; Zataraingo obretan ur-hodi batean gertatu den matxuraz; lurrazpiko zabor-ontzien galdeketaren emaitzaz eta Somoto auziaz aritu dira tarte horretan.