Javi Olazagoitia elkarteko kideak azaldu digunez, "mendi batzuek gailur geodesikoa dute; puntu horrek mendiaren puntu garaiena zehazten du. Baina ez dute bere izenik ageri den inongo kartelik. Beste batzuk ez dute ez izenik, ezta gailur geodesikorik ere. Egitasmoari esker, pandemiarengatik hain modan dagoen jarduenean, mendi eta tontor horiei ikusgarritasuna ematen diegu. Era berean, hasiberriak direnentzat ere hainbat gailur mapan jarriko ditu".
Iñaki Letamendiren ideia
Iñaki Letamendi LOTMEko kide eta herritarrak eman zien ideia, Olazagoitiak onartu duenez. "Iñaki konturatu zen mendi batzuetan ez dagoela ez postontzirik, ezta gailur geodesikorik ere. Eta, gainera, askotan ez dela mendiaren izenik ere ageri inon. Eta niri egin zidan proposamena".
Elkarteko batzordeko kideei azaldu, eta ideia ona iruditu zitzaiela nabarmendu du. "Gabezia hori konpondu, eta ekimen honen bitartez, hain ezagunak ez diren mendiei bere lekua eman nahi izan diegu. Izan ere, ezagunak eta jendeak igo ohi dituen mendiek horretako seinaleak eta gehiago baitituzte."
Lehenengoa, Buruntzan
LOTMEko kideak apirilean hasi ziren lanean, eta izendatu zuten lehen gailurra, Buruntza mendiarena izan zen. "Lasarteoriatarrek ohitura handia dugu Buruntzara joateko, eta bertako gailurra zein den ezagutarazi nahi izan dugu".
Buruntza gailur geodesikoa duen tontorra dela azpimarratu du Olazagutiak, baina "herritarrek postontzia eta gurutzea dagoen lekua dute gailur bezala".
Gurutzea, ordea, hegoaldeko gailurra da, LOTMEko kideak azaldu duenez. "Gurutzea hegoaldeko tontorrean dago kokatua. Gailur horrek, gainera, benetakoak baino altuera gutxiago du".
Bigarren mendi bat ere izendatu berri dute: Errezilgo Mendibeltz. "Ahaztutako tontorra da Mendibeltz. Bere parean dagoen Erniok egiten dio itzala, eta jende gutxi igaro da bertatik", aipatu du Olazagutiak.
Javi Olazagoitiak aurreratu digunez, egitasmoak jarraipena izan du. Oraingoz bi mendiren tontorrak dituzte buruan, "baina egitasmo hau ez da gaur, bihar edo hurrengo urtean geratuko. Gabezia hori ikusten dugun lekuetan jarriko ditugu kartelak", adierazi du.