Intzako kadeteek, lehen garaipena Udaberri txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2021eko maiatzaren 13a

Intzako kadeteek Añorgako bikotea garaitu zuen.

Udaberri txapelketako bigarren saioari aurre egin zioten Intza pilota elkarteko kideek eta aurreko astean bezala, emaitza ezberdinak izan zituzten. Oraingoan, kadeteek izan ziren garaipeneko puntuak lortu zituztenak

Etxean jokatu zuen 2. mailako kadeteak eta ederki baliatu ziren  gaztetxoak abantailaz. Beñat Olazabal eta Pedro Elosegui bikoteak 22-17 irabazi zuten Añorgako bikotea.

"Orokorrean partida ona jokatu zuten.Aurkariak baino ziurrago jokatu zuten eta nabaritu zen", adierazi du Jose Felix Solano Intzako prestatzaileak. 

Jon Pello Artetxe eta Mikel Elolak osatutako I. senior bikoteak ezin izan zuen  Tolosa 2 bikotearen aurka. Tolosako bikotea nagusi izan zen eta 22-12 gailendu zen.

"Senior bikoteak ohi bezala borrokatu zuen arren, arerioa nagusi izan zen aurrean eta atzean", azaldu du Intzako arduradunak.

Asteburuko hitzorduak

Intza pilota elkarteko Udaberri txapelketako bikoteek etxean jokatuko dute hirugarren jardunaldia.

Larunbatean, goizeko 10:00etatik aurrera, Michelin kirol gunean bi neurketa izango dira. Bigarren mailako kadeteek lehen partida jokatuko dute eta Ataun izango da arerio. Senior mailako bikoteak, berriz, Eibar izango du aurrez aurre.

Irurako Ametsa Trinketean izango da asteburuko azken hitzordua. Igandean, 10:30etik aurrera, Intzako kadeteek Hernani 1 izango du aurkari.