Sasibill Elkarte Lirikoak 'Marina' zarzuelaren emanaldia egin du kultur etxean

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 9a, 10:07

IX. Musika Astearen lehen erdia igarota, hasierako saioan bezala, operaren txanda izan da. Larunbat arratsaldean, Emilio Arrietak sortutako pieza ezagunaz gozatzeko parada izan dute ikus-entzuleek. 

 

Zarzuela gisa osatu bazuen ere, urte batzuk geroago, opera bilakatu zuen konposatzaileak Marina, Jorge eta Pascualen maitasun gorabeherak oinarri dituen obra. Solasaldiak kendu eta hirugarren ekitaldi bat gehituta burutu zuen aldaketa.

Bata ala bestea, jakin-mina piztu du gaurko emanaldiak. Kanpoko berotik babestuta, bertaratu diren herritarrak Mediterraneo kostaldeko Lloret de Mar arrantzale herrira begira jarri dira. 

Lehen lerroetako musikariek doinua jarri diote aktoreei eta oholtza gainekoen ahotsek kontatu dute lan ospetsuaren istorioa:  Marina umezurtza eta Jorge elkarrekin hazi ziren, anai-arrebak bezala. Hala ere, bata bestearekin maiteminduta daude, nahiz eta ez dioten elkarri adierazi. Jorge bidaian dela, Pascualek Marinari berarekin ezkontzea proposatuko dio eta neska gazteak baldintza jarriko dio Jorgeri baimena eskatzea, bere ahaide bakartzat duelako. Egiaz, Marinak kapitainak zer sentitzen duen jakitea du helburu eskakizunak. Gauzak, ordea, nahasten joango dira.