Zortzigarren postua, emaitza "gazi-gozoa"

Txintxarri Aldizkaria 2021eko maiatzaren 12a

Maialen Chourraut, Europako txapelketako sailkapenean. Arg.: BAT Basque Team

Maiatzaren 6tik 9ra Europako slalom txapelketa jokatu zen Italiako Ivrea herrixkan. Bertan Europako piraguistarik onenak bildu ziren, Maialen Chourraut herritarra horien artean

Urteko lehen hilabeteetan lehiatutako txapelketetan lortutako emaitzak eta sentsazioak onak izanik, lehiatzeko gogoekin zegoen Chourraut. Baina zortzigarren postuan amaitu zuen lehiaketa lasarteoriatarrak eta beretzat emaitza "gazi-gozoa" dela jakitera eman digu. "Hor zaudela, ongi ibili nahi duzu eta gero eta gorago hobeto. Baina hotzean begiratuta erabat kontrolatuta ez duzuen ibai batean gauzak ateratzea ez da erraza. Finalean egotea oso garrantzitsua izan da eta borroka horretan gauden bitartean, gauzak ongi doazen seinale da".

Sailkapenean 11. izan ostean, finalaurrekoan lehen postua eskuratu zuen herritarrak. "Finalean egotea ziurtatu nahi nuen. Ibilbidea modu egokian egiten saiatu nintzen eta jaitsiera garbia egin nuen, txukuna eta lehen postua lortu nuen". 

Finalean jaitsiera azkartu behar zuela eta, guztia jokatu zuen. "Hasierako partean azkar joan nintzen. Atea bat ukitu nuen eta bukaeran atea bat sailtatu nuen. Zergatia bilatzea ez da erraza izaten. Ondo kokatua nengoen eta teknikoki ere ondo nengoen. Baina urak bultzatu eta ezkerretik joan nintzen. Atzera jo behar izan nuen eta bertan galtzen den denborarekin jaitsiera pikutara doa. Beraz, zortzigarren geratu nintzen".

Tokio buruan

Europako txapelketa gutxi prestatutako txapelketa izan dela nabarmendu du. "Arerioek ordu asko egin zituzten kanalean eta askorentzat garrantzitsua zen, euren selekzioko Joko Olinpikoetara hautaketa probetarako baliagarria zelako. Nik ez nuen ibaia ezagutzen eta ez nituen hainbeste ordu egin," onartu du Chourrautek.

Izan ere, Tokioko Joko Olinpikoetarako prestakuntza fintzeko antzeko baldintzak dituen Vaires-sur-Marne kanalean egon baita lanean. "Nire entrenamendu guztiak Tokioko kanalari begira prestatzen ari naiz eta egutegian gauza batzuk aukeratu behar dira," adierazi du.

Azken txanpa honetan Pragako Munduko kopako proba izango du herritarrak. "Garrantzitsua da orain txapelketa batzuk egitea non hobetu behar dugun ikusteko. Gorputza Jokoetarako estres puntu horretan jarri behar dut".