Maitane Rebe Igartua: "Esperientzia izugarria izan da"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2021ko mai. 14a, 08:55
'Sin límites' telesaileko atal batzuen grabaketetan parte hartu du Maitane Rebe Igartua herritarrak.

Apiril amaieran XXI. mendetik XVI.era egin zuen jauzi Maitane Rebe Igartuak (Lasarte-Oria, 1996): Amazon Prime Video eta RTVE  ekoizten ari diren Sin límites telesailaren –Juan Sebastian Elkano eta Fernando Magallanes marinelek itsasontziz egindako mundu-bira du oinarri– zenbait atal grabatu zituzten Azkoitian, eta horietan parte hartu zuen herritar gazteak, figurante gisa. Bizitakoa kontatu dio TXINTXARRI aldizkariari.

Nolatan izan duzu aukera Sin límites telesailean figurante bezala parte hartzeko? 

Modfie agentziaren web-orrian ikusi nuen iragarkia, eta izena ematea erabaki nuen, apiril hasieran. Beste bi grabaziotara ere apuntatu naiz: promozio-bideo batera, eta streaming plataforma famatu batek ekoitziko duen telesail batera. Oraindik ez dakit horietan parte hartu ahal izango dudan ala ez.

Figurante izan nahi duen pertsona batek zer ezaugarri bete behar du? 

Eskaera egiten duzunean, zu azaltzen zaren argazkiak bidali behar dituzu: profilez bat, eta gorputz osokoa bestea. Agentziak bilatzen dituen ezaugarriak betez gero [ilearen edo begien kolorea, esate baterako], aukeratuko zaituzte; bestela, ez.

Aukeratua izan zinen zu, eta Azkoitiako grabaketetan parte hartu zenuen, apiril amaieran. Zer moduzkoa izan zen esperientzia? 

Izugarria. Grabazio batean zenbat jendek parte hartzen duen ikusteak asko harritu ninduen; langile, aktore edo figurante, pertsona asko ginen, baina guztia oso ondo antolatua zegoela iruditu zitzaidan. Tabernari baten rola eman zidaten niri, eta hiru eszenaren filmatzean aritu nintzen, Irlandatik eta Madrildik etorritako bi pertsonarekin batera. Esperientzia asko dute, eta horrek lasaitu egin ninduen; batez ere, kamera gugandik oso gertu zegoenetan.

Zure aurreneko esperientzia izan da bizitu berri duzun hori?

Telmo Esnalek zuzendutako Dantza filmean parte hartu nuen, baina azken hau desberdina izan da, dimentsio handiagoko zerbait. Grabatzen hasi aurretik, prestaketa-lan ugari egin genituen: soinekoa josi zidaten, XVI. mendeko girora egokitzeko makillatu ninduten, eta jantzita neraman arropa zikintzeko hautsa bota zidaten, eszenak hori eskatzen zuelako. Hori guztia egin eta gero, gu prestatzeaz arduratu ziren profesionalek banan-banan aztertu zituzten figurante guztiak, ezerk ez zezan hutsik egin. Line up deitzen zaio horri. 

Hiru eszena grabatu zenituen bi egunetan, apirilaren 29an eta 30ean. Nolakoa izan zen lan-erritmoa?

Bi egun horiek oso politak eta biziak izan ziren, oso nekatuta amaitu nuen. Behin eta berriz errepikatu genituen eszenak, produkzioan ari diren profesionalek balekoak zirela esan arte. Gogoratzen dut bi kanta ikasi behar izan genituela, grabatu bitartean abesteko.

"Apirilaren 29ko eta 30eko grabaketa-egunak oso biziak eta politak izan ziren"

Filmatze horietan parte hartu zuten pertsonekin harremanik egin ahal izan zenuen?

Bai, pertsona ugari ezagutu ahal izan nituen: batez ere figuranteekin harremandu nintzen, baina zenbait aktorerekin ere bai, Alvaro Morte eta Carlos Cuevasekin. Oso-oso gertukoak eta jatorrak iruditu zitzaizkidan, gugatik asko kezkatzen ziren. Telesail eta filmetan agertu daitezen, animaliak eramaten dituen pertsona bat ere ezagutu nuen, Faltzeskoa (Nafarroa). Txakurra daukat nik, eta esan zidan, egunen batean behar izanez gero, agian eraman zezakeela. Ederra litzateke hori!
'Sin límites' telesailekoa bezalako deialdietara aurkezten jarraitzeko asmoa duzu?

Urte askotan antzerkia egin dut, eta betidanik gustatu izan zait mundu hau, baina oso argi dut ahal dudanetan parte hartzen saiatuko naizela horrelako filmatzeetan, ez nukeela lanbide izatea nahiko, oso-oso zaila baita aktore izatetik bizitzea.