Luzera-jauziko txapelketa hasieratik buru jarri zen Gonzalez herritarra. Lau jauzi baliozko egin zituen herritarrak lehiaketan eta lauetan bere marka ondu zuela jakitera eman du Oscar Goikoetxea prestatzaileak. 5,52 metroko jauziarekin Euskadiko titulua lortu zuen. "Sasoi onean dagoela erakutsi du," onartu du Ostadar Atletismoko arduradunak.
Dominik ez lortu arren, Abete eta Centeno podiumetik gertu izan ziren; biek laugarren postua eskuratu zuten euren proban.
Maider Abetek 20 urte azpiko 100 metroko lasterketako finalean parte hartu zuen. 13,36 denbora eginez, finalaurreko 13,40ak hobetu zituen eta bere marka berritu zuen.
Maila bereko 800 metroko lasterketan lehiatu zen Leire Centeno eta 2:46,63 marka egin zuen. "Probako momentuan zegoen beroak emaitzean eragin izan du. Hala ere, bere markatik gertu egon da," aipatu du Goikoetxeak.
Bestalde, Ostadar Atletismo saileko kideek jakitera eman dutenez, Naroa Furundarenak Espainiako Kluben bigarren jardunaldian parte hartuko du BAT taldearekin. Luzera-jauziko eta jauzi hirukoitzeko probetan lehiatuko da herriko gaztea eta bere marketara iristeko helburua du, batez ere, jauzi hirukoitzean.