Bizitzako mudantzak, kanturako oinarri

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 9a, 21:32

IX. Musika Asteari amaiera eman dio Thierry Biscary musikari baxe nafarrak. Muda disko berria aurkeztu du zenbait aldaketa motetan oinarritutako abestiekin osatutako lana.

Aurreko egunetakoa baino giro intimoagoa izan du gaurko emanaldiak. Batetik, aurreko egunetan baino ikusle gutxiago zeudelako, bestetik, bere proposamenaren tonuarekin bat egiten zuelako.

Hogeita hamar bat lagunen aurrean aurkeztu du Kalakan taldetik aldendu zenetik hasitako bidean kaleratu duen lan berria. Egiazko pasadizoak edo asmatutako istorioak oinarri hartu, eta gai gisa proposatu dizkio Amets Arzallusi, Uxue Alberdiri edota Itxaro Bordari. Hauek, bueltan, Muda diskoan bildutako kantak eman dizkiote. 

Kanta bakoitzaren atzeko hori azaldu du abeslariak haietako bat hasi aurretik. Batzuetan barre konplize bat eragin du bertaratutakoengan, bere hildako amonak elizan duen lekura loreak eramaten dizkiola jasotzen duen abestia oraindik bizirik dagoen protagonistari gustatu ez zaiola esan duenean bezala; beste batzuetan, berriz, ia malkotaraino hunkitu da Biscary, aitarengandik tratu txarrak jasan zituen lagunaren bizipena gogoratuta.

Ohikoak, gordinak, bereziak... Bizitzako askotariko egoerek eragindako aldaketa dute lotura hari kanta guztiek. Eta hitzek kontatutako horri laguntzeko musika kontrabaxuak, mandolinak, gitarrek eta txeloak jarri dute, baita abeslariak jo dituen beste zenbait instrumentuk ere. 

Erlazionatuak

Thierry Biscaryren kontzertua

Txintxarri Aldizkaria 2021 mai 09 Kultura