Ibiltarien sareak gailurretara eraman du bere aldarria

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 8a, 19:31

Izan Bidea dinamikaren barruan, Euskal Herriko 650 mendi tontor igotzeko deia egin zuen Sarek. Horrekin bat egin dute dozenaka lasarteoriatarrek larunbat goizean Benedika eta Buruntza igota. 

Urrian egitekoak ziren ekintza bertan behera utzi behar izan zuten eguraldi txarrak behartuta. Hitzordu berria maiatzaren 8an jarri zuten eta orduko ziklogenesi leherkorraren lekuan, udako eguraldia egokitu zaie oraingoan. 9:30ean Okendo plazan ezarrita zuten irteera. Bertan elkartu dira eta talde argazkia egin dute mendira bidea hartu aurretik.  

Benedika izan da igotako lehen gailurra, eta handik, Azkortera jarraitu dute, Buruntza mendiaren tontorrera joan aurretik. Han beste talde argazki bat, irrintzia eta kanta egin dituzte. Antolatzaileek adierazi dutenez, 135 bat lagunek parte hartu dute aldarrikapen ekintzan. 

Euskal Herriko hamaika menditan errepikatu duten jarduera honen bidez, euskal preso eta iheslarien etxeratzea aldarrikatu dute, urruntze politika bertan behera uztea eta gradu progresioa preso guztiei ezartzea eskatuz.

Sei urte daramatza ibiltarien sareak bidea egiten, pausoak ematen  euskal presoen egoera "konpondu" eta "bizikidetza eta bakea" lortzeko bidean.

Erlazionatuak

'650 tontor' ekimena Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2021 mai 08 Gizartea