Tangoen haize goxoarekin girotu du kultur etxea Oiasso Kameratak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 7a, 21:22

IX. Musika Astea asteburuko protagonistetako bat izango da. Hiru emanaldi, hiru musika estilo; bakoitza egun batean. Oiasso Kameratak Con aire de tango emanaldia egin du ia beteta zegoen kultur etxeko auditorioan.

Argentinara bidaian joan dira ikus-entzuleak, besaulkitik mugitu gabe, Irungo hari orkestrako errepertorioarekin. Brian Balmagesen Phantom tangos jo dute, lehenik, eta ondoren, Arturo Cardelúsen Con aire de tango eskaintzeko Marina Beheretche bakarlaria batu zaie. Lau piezek osatutako lanaren lehen erdia amaituta, "bikain, benetan" ari dela oihukatu dio ikusle batek, txaloak isiltzean. Besoarekin garaipen keinua egin, eta pozik hartu du biolinistak lorea. Gainerakoei ere gustatu zaiela argi gelditu da Astor Piazzollaren Oblivion bisa bukatu eta oholtza utzi aurretik jaso duen txaloaldia ikusita. 

Ordutik aurrera, Oiasso Kameratako hamabost musikariek bakarrik jarraitu dute. Isaac Albenizen Tango en RE, Alberto Williamsen Hueya, Carlos Guastavinoren Romance en Colastiné, Piazzollaren LIertango, Aldemaro Romeroren Fuga con pajarillo eta The Police taldearen El tango de Roxanne  obrek osatu dute programa.

Erlazionatuak