Ainhoa eta Leire Martin: "Udaberriko Espainiako txapelketa prestatuko dugu. Baina ez dago presarik; helburua hobetzen jarraitzea da"

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 8a, 09:00
Bidasoa XXI taldean lanean ari dira Ainhoa eta Leire Martin ahizpak.

Buruntzaldea IKTn eman zituzten bere lehen besakadak Leire eta Ainhoa Martin (Lasarte-Oria, 2003) ahizpek. Egun Irungo Bidasoa XXI taldean ari dira lanean. Espainiako Udaberriko Openean Espainiako igerilari onenen aurka lehiatu ziren martxoan. Ainhoak absolutu-gazte mailako bost domina jantzi eta 200 metroko bular-proban Euskadiko errekorra berritu zuen; Leirek, berriz, maila bereko hiru brontzezko domina eskuratu zituen. Espainiako Txapelketari eta neguko zein udako denboraldiko helburuei eta etorkizunari buruz egon gara Martin ahizpekin solasean

Neguko denboraldia ongi amaitu zenuten. Espainiako Udaberriko Openeko podiumean egon zineten. Ezarritako helburua bete al zenuten?
Ainhoa: Gure helburuak markak jaistea, txapelketetarako sailkapenak lortzea da eta ahal bada, lehenen artean podiumean egotea izan ohi dira. Hala ere, gure neguko denboraldiko entrenamenduak eta prestaketa Espainiako Txapelketara bideratuak zeuden. Eta horrela izanik, biek Espainiako Txapelketan hori egin genuela esan daiteke. Horregatik pozarren gaude.

Leire: Bai. Biok gure helburua bete dugu. Nik, gainera, ez nuen espero hainbeste probetan lehen hiruen artean egotea eta markak jaistea.

Espainiako onenen artean lehiatu zarete eta dominak eskuratu dituzue absolutu-gazte mailan. Espero al zenuten horrelako emaitzarik? 

A.: Txapelketetarako zerrendak ateratzen direnean, non zauden eta txapelketan zein postutan egon zaitezkeen aurreikusi dezakezu. Baina pronostikoak hobetu genituen. Ni, esate baterako, bost finaletan izan nintzen lehian eta bostak A finalak izan ziren.

L.: Ainhoak aipatu duen bezala, aurreikuspen bat egin dezakezu. Nik domina espero nuen 2.000 metroko bizkar proban, baina ez lortu nituen hiruak. Batez ere, 100 metro bizkar probakoa. Arerio indartsu asko zegoen eta ez nuen espero.

Ainhoak, gainera, Euskadiko errekorra ondu zuen 200 m. bular proban. Zer suposatzen du horrek? 

A.: Horrelako errekorra egitea, motibazio bat da. Horrelako marka bat egin baduzu, zergatik ez berriro hori ondu? Hori ere bada txapelketetarako beste motibazio bat.

Ainhoak nagusiki bular probak egiten ditu eta Leirek bizkarrekoak. Bakoitza estilo batean espezializatua dagoela esan daiteke?

L.: Buruntzaldea IKTn hasi ginen lanean eta bertan Borja Apeztegiaren laguntzarekin bakoitzari hobeto zegozkion probak aukeratu genituen. Horrela nik bizkar probetan lehiatzea erabaki nuen eta Ainhoak bularrekoak. 

Baina biek edozein estilo egin dezakegula uste dut. Lau estiloko probak egiten ditugu biok eta estilo onak ditugula esan daiteke. Ni, esate baterako, 200 metroko bular proban ere lehiatu nintzen Udaberriko Openean eta domina lortu nuen. 

A.: Txikia zarenetik ikusten duzu zer dagokizun hobeto. Eta hobekien doakizuna da entrenatzen duzuna eta gehien gustuko duzuna. 

L.: Hobetzen zoazela eta aurreko postuetan zaudela ikusteak motibatu egiten du, eta espezializazio horretara darama.

COVID-19aren aurkako neurrien eraginez, Espainiako Udaberriko Openean eguneko proba bat izan duzue. Horrek onura ekarri al dizue?

A.: Bai, nik horrela dela uste dut. Egun horretako proban arreta gehiago jarri dezakezu. Bi badituzu, pentsatzen duzu: 'Jo, orain proba hau dut, baina gero bestea ere egin behar dut'. Horrek lehen proba egitean, baldintzatzen duela uste dut, beste proban ere pentsatzen ari zarelako eta ez duzulako zure %100 ematen egiten ari zaren proba horretan.

L.: Eta azkenean, ez duzu ez bata ez bestean emaitza onik lortzen. Ainhoak egutegi ona izan zuen, egunero proba bat egin zuen, baina nik azken egunean bi proba egin behar izan nituen, 200 metroko bular proba eta 50 metroko bizkarekoa, eta arratsaldeko finaletan bakarra egitea erabaki nuen. Ez nuen baldintzatuta egon nahi eta bular proban lan ona egin nahi nuen. Azkenean gure mailako brontzezko domina eskuratu nuen.

COVID-19ari buru ari garela, nola baldintzatu du pandemiak zuen jarduna?

L: Iaz lehiaketa hasi baino lehen oso indartsu geunden. Lehiatzen hasi baino bi aste lehenenago guztia bertan behera geratu zen. Baina horrek motibazioa mantentzen lagundu digu eta aurreikuspen onak bagenituen, aurtengoan hobeak izatera bultzatu gaitu. 

Bestetik, entrenamendu eta lehiaketetan protokoloa eta osasun, zein segurtasun-neurri guztiak jarraitzen dira. Aldaketa askorik ez da egon. Lehiatu baino lehen maskara eraman behar dela, distantzia... baina lehiatzerako orduan ez da aldaketa askorik egon.

A: Beste guztiek bezala, 2020 urteko udaberri eta uda hasiera etxean egin genituen. Orduan, on line saioak egiten genituen gure entrenatzailearekin eta taldearekin. Guztiek batera entrenatzen genuen. Baina ez dugu igerilekurik, beraz, etxean genituen gauzekin ahal genuena egiten genuen. Etxetik atera ahal izan ginenean igerilekura itzuli eta geroztik entrenatzen egon gara galdutakoa berreskuratu eta denboraldi berrira begira ongi iristeko.

Openeko emaitzez gain, Bidasoa XXI taldearekin Espainiako kopan lehiatu eta Ohorezko mailan mantendu zarete. Lehengo astean Euskal Herriko Kopa lehiatu zen eta taldea irabazle izan da. Aldaketarik ba al dago txapelketa indibidual batetik taldeko batera?

L.:  Bai, noski. Presioa duzu lehiatzerako orduan, baina gehiago gozatzen duzu. Igerilari guztiak batera goaz eta elkarri laguntzen eta animatzen diogu. Giro ezberdina da, ez da txapelketetako ohiko giroa. 

A.: Igeriketa kirol indibiduala da, baina horrelako lehiaketek taldea egiteko balio dute. Bakoitzak bere proba egin behar du, baina taldeko lehia da eta guztiak batera egiten dugu borroka horrelakoetan.

Neguko denboraldia amaituta udakoa prestatzen hasiko zineten, ezta?

L.: Bai, Udako Txapelketa abuztu hasieran izango da eta proba prestatuko dugu. Baina ez dago presarik. Helburua hobetzen jarraitzea da. 

Udan, gainera, dominak garestiago egongo dira, zeren eta absolutu maila bakarrik jokatuko baita. Ez dago absolutu-gazte mailarik. Beraz marka hobetu eta gozatzea izango da helburua.

A.: Bi proba nagusi ditugu urtean zehar. Neguko eta Udako Espainiako Txapelketak. Bidean badaude beste lehiaketa batzuk, ez hain garrantzitsuak baina horiek ere prestatzen ditugu. Gainera, horiek eguneroko entrenamenduetan onena emateko motibatzen gaituzte.

Abuztua aipatu duzue, Joko Olinpikoak jokatuko dira garai horretan. Beraz, arerio indartsuenak ez dira txapelketan egongo?

A.: Uste dut aste beteko tartea dagoela Joko Olinpikoaren eta Espainiako txapelketaren artean. Igerilari onenak Tokion izango diren arren, arerio gogorrak geratuko dira eta zaila izango da Udaberriko Openeko emaitzak berdintzea.

Batxilergoa amaitu eta AEBra, New Yorkera zehazki zoazte ikastera. Igeriketak eragina izan al du erabaki hori hartzean?

A.: Bai, horrela da. Bertan erraztasun gehiago ematen dituzte ikasketak eta kirolak uztartzeko. 

Kanpusean dena duzu: unibertsitatea, igerilekua eta zure ostatua. Oinez joan zaitezke batetik bestera, horrek ikasketekin eta kirol jardunarekin jarraitzeko aukera ematen dizu.