Pantailaz bestalde, eremu sozioekonomikoan eragiteko gakoez hitz egin dute

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 7a, 12:00

Udaltop jardunaldiek hartu dituzte asteazken eta ostegun goizak, asteon. Iragan urtean bezala, aurtengo saioak ere birtualak izan dira, pandemiak eragindako egoerak hala behartuta. Bederatzi hizlarik hartu dute parte aurtengo edizioan 

Asteazkenean, 09:00etan egin duten ongietorriaren ostean hasi dira aurtengo parte-hartzaileen hitzarteak, eta, horien artean Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea izan da hitza hartzen lehena. Euskara eremu sozioekonomikoan sustatzeko plana 2020-2023 izan du hizpide. Plan horrek biltzen ditu Hizkuntza Politikarako Sailaren eskumen eta zereginak, baita Eusko Jaurlaritzarenak bere osoan gainditzen dituzten proposamenak ere. Lan munduan eragingo duten estrategiek gizartea ere bere osotasunean ukitu behar duela azpimarratu du sailburuordeak. Azaldu du entitate guztiek ez dituztela ardura eta erantzukizun berdinak izango eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera ezartzeko hizkuntzen kudeaketa garatzeko jardunean, baina guztiek dutela zeresana eta egitekoa. Bide horretan, Eusko Jaurlaritzak, lidergoa erakutsiz eredugarri izan behar duela ere azpimarratu du: "Administrazioari dagokio lehenik, herritarren hizkuntza eskubideak bermatu eta lan-hizkuntza euskara izan dadin sustatzea".

Dobaranen hizketaldiaren ostean, Juanjo Allur Siadeco ikerketa elkarteko kidearena hasi da eta Eremu sozioekonomikoan eragiteko udal mailako plan prototipo bat-en inguruan aritu da. Eremu horretan euskara sustatzeko estrategien gaineko gogoeta egin du, bere ponentzia lau ataletan banatuta.

Eguerdian, berriz, Ander Bergara Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko ordezkariak hitz egin du. Erakunde plublikoen  jardunean genero-ikuspegia txertatzea sustatzeko Emakundek egiten duen lanaren inguruan aritu da. Egindako lanaren alderdi nabarmenak ezagutarazteko helburua izan du bere hitzaldiak.

Osteguneko hitzaldietako bat Rita Aldabaldetreku Euskaltzaleen Topaguneko ordezkariarena izan da. Euskaraldiaren bigarren edizioak ariguneen proposamenak entitateak aktibatu eta hizkuntza ohiturak aldatzeko bide berriak zabaldu dizkiela azpimarratu du. Horrekin batera, euskararen gaia mahai eta alor berrietara heldu dela ere nabarmendu du.