Junior errendimendu taldeak garaipena erdietsiz hasi du fase berria

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 6a, 11:00
Ostadar SKTko Junior errendimendu taldeak TAKE garaitu zuen.

Lehen fasea amaituta, Ostadar Saskibaloiko junior errendimendu taldeak ezin izan zen lauko finalera sailkatu. Maitzaren 2ko asteburuan bigarren faseari hasiera eman dio eta lehen jardunaldian Tolosako TAKE izan du aurrez aurre, Maialen Chourraut kiroldegian

Partidako lehen minututik Tolosako taldeak erritmoa ezarri zuen. Defentsan ere ez zen gaizki ibili eta etxeko taldea ez zen bere zelaian eroso sentitzen. Alabaina Ostadarreko juniorrek ez zuten amore eman eta saski azpiko aukerak ongi baliatu zituzten laurdena eskuratzeko, 16-10.

Bigarren laurdenean bi taldeek  jokoa hobetu zuten. Talde urdin-beltzak jaurtiketekin asmatu zuen bitartean, TAKEk sarrera eta errebotearekin min egiten zuen. Hala ere, Ostadarrek errenta mantentzen jakin zuen, 32-23.

Erabakigarria izan zen bigarren zatiko lehen laurdena. Tolosako taldeko jokalariak nekea sumatzen hasi ziren eta saskiratze kopurua gutxitu zen. Etxeko taldeak, aldiz, jokoaren irakurketa argia egin eta defentsan, zein erasoan ongi aritu zen. Aldea handitu zuen eta 65-29 markagailuarekin Tolosako taldeak partida iraultzea zail zirudien.

Azken laurdenean, indartsu ekin zion TAKEk helburuari hiruko saskiratze bati esker. Ostadar Saskibaloi taldeko kideak, ordea, ez ziren atzean geratu eta ongi erantzun zuten 9-0ko partziala eginez. Markagailu nagusiko aldea handitzen zihoan arren, Tolosako taldeak ez zuen amore eman eta laurdena eskuratzeko zorian egon zen, 15-12. Azken emaitza 70-41ekoa izan zen.

Endika Marrahi junior errendimenduko prestatzaileak adierazi duenez, " Partida gogorra izan da, bi taldeak indartsu egon dira eta intentsitate handia egon da. Nahiz eta markagailuan abantaila handia egon arerioa gertu izan dugu beti".

Partida biribila egin ez zutela ere nabarmendu du. "Bakarkako jokoan ez dugu beti bezala jolastu, eta min gehiago egiteko gai ginela uste dut. Garaipena bai, baina lanean jarraitu behar dugu".

Ez zen hau Ostadar Saskibaloi sailek kideek lortutako garaipen bakarra izan. 3. senior mailako taldea Zalburdi Debasketi gailendu zitzaion, 51-48. I. seniorrak, berriz, Antigua Luberriren aurka galdu zuen, 60-41.

Asteburu honetan Ostadar Saskibaloi taldeko kideek ez dute partidatik jokatuko. Errendimendu taldeak jardunaldia zuen arren, partida atzeratu behar izan da.