Udal Musika Eskolan aurrematrikulatzeko azken eguna, maiatzaren 21a, ostirala

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 13a, 10:12

Lasarte-Oriako Udalak iragarri du Udal Musika Eskolako 2021-2022 ikasturterako aurrematrikulazio epea maiatzaren 21ean bukatuko dela, ostiralarekin. Horrekin batera, jakinarazi dute plaza eskaera hori egiterako momentuan, kuota osoaren %10a ordaindu beharko dutela. 

Maiatzaren 10etik 21era dago zabalik Udal Musika Eskolan, datorren ikasturterako aurrematrikulazioa egiteko epea.

Matrikula egiteko epea, berriz, ekainaren 7tik 18ra bitartean izango da, baina tramite hori egin ahal izateko nahitaezkoa izango da aldez aurretik  aurrematrikula eginda edukitzea. Jakinarazi dute baita ere, plazen adjudikazioa posta bidez konfirmatuko dutela. 

Plaza baten eskaera egiteko unean, dagokion kuotaren % 10a ordaindu beharko dute interesatuek, udalak horretarako eskuragarri jarriko duen kontu korronte zenbakian, eta matrikulatu egin ahal izateko derrigorrezkoa izango da ordainketa hori egina edukitzea. Aurrez ordaindutako kopuru hori, kasu bakoitzari dagokion matrikularen lehenengo ordainketan deskontatuko dute. Hori bai, eskaera egin eta gero matrikula formalizatzen ez dutenek ez dute aurrematrikulan ordaindutako diru kopurua bueltan jasotzeko eskubiderik izango.

Ikastaro bakoitzeko tasak

  • Musika-txokoa: 285’35 euro erroldatuek eta 343’30 euro erroldatu gabeek
  • Hizkuntza musikala: 285’35 euro erroldatuek eta 343’30 erroldatu gabeek. 
  • Musika-instrumentua: 285’35 euro erroldatuek eta 343’30 erroldatu gabeek. 
  • Txistua edo akordeoia: 223’45 euro erroldatuek.
  • Hizkuntza musikala + instrumentua: 528’65 euro erroldatuek eta 641’60 erroldatu gabeek.
  • Hizkuntza musikala + txistua edo akordeoia: 414’30 euro erroldatuek. 
  • Korua: 47’80 euro erroldatuek eta 58’00 erroldatu gabeek.
  • Ganbera: 143’50 euro erroldatuek eta 172’30 euro erroldatu gabeek.
  • Instrumentu-taldea: 94’15 euro erroldatuek eta 114’45 erroldatu gabeek. 

Irailaren 1etik 15era, Hizkuntza Musikalean eta instrumentuetan libre gelditu diren plazetan matrikulatzeko aukera izango da, eskaerak iritsitako ordenaren arabera. 

Hobariak

Jakinarazi dute salbuespenak eta hobariak daudela Gizarte-Larrialdietarako Laguntzen (GLL) prestazioak jasotzen dituztenentzat eta langabetuentzat. Horrez gain, udalak edo Eusko Jaurlaritzak ematen duen Gazte-Txartelaren titularrek % 10eko deskontua izango dute, eta familia ugariek, berriz,  % 30eko hobaria.

Kuotetan hobariak eskatu ahalko dituzte baldin eta unitate familiarreko bi kide edo gehiago matrikulatzen badira Eskolan.

Tasen ordainketa

Dagozkien tasak bankuko domiziliazioaren bidez ordaindu beharko dira, aukeran ordainketa bakarrean edo ordainketa-zatikatuan.

Ordainketa bakarraren kasuan irailaren 25etik 30era egin beharko da, eta ordainketa-zatikatua, aldiz, matrikula egiteko unean matrikularen ordainketa hileroko 10 kuotatan zatikatu ahalko da (irailetik ekainera). Kuota horiek udalak hilero 25. egunetik 30.era bitartean kobratuko ditu.