Ostadar SKTko Jubenilen Ohorezkoa, txapeldunen fasea helburu

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 5a, 11:00
Ostadar SKTko Jubenilen Ohorezko taldeak Euskalduna garaitu zuen.

Ostadar SKTko Jubenilen Ohorezko taldeak zazpigarren jardunaldia jokatu zuen etxean igandean. Aurrean Andoaingo Euskalduna taldea zuen. Etxeko taldea nagusi izan zen lehen zatian eta 5-1 irabazi zuen

Lasarte-Oriako taldea multzoko lehen postuan zegoen; Euskalduna, berriz, azkenean.Aurreikuspenak, beraz, talde urdin-beltzaren aldekoak ziren partida hasi baino lehen.

Eta Ostadarreko jubenil ohorezkoak ez zuen hutsik egin. Lehen zati ederra egin zuen. Erasoak ongi amaitu eta defentsan arerioa ongi izan zuten kontrolpena.

Etxeko taldeak erasoan hasi zuen partida eta Euskaldunak bere atean egindako gola ongi etorria izan zen.

Hamabigarren minutuan etxeko taldearen bigarren gola iritsi zen; bigarren zutoinean, buruz errematatu zuen Iker Sarasolak eta hirugarrena, Axier Gonzalezek egin zuen.

Korner jaurtiketa baten ostean, etorri zen laugarren Sevillanoren eskutik eta era honetara, atsedenaldira 4-0 joan ziren.

Partida erabakia zegoenez, bigarren zatia, lasaiago jokatu zuten jubenil ohorezko jokalariek. Orduan, indarrak berdindu ziren. 80. minutuan, Euskaldunak tartea txikitu zuen. B

aina partida bukatzear zela, bosgarren gola egin zuen etxeko taldeko Eneko del Puertok.

Txapeldunen fasea, buruan

Garaipen honi esker, III. multzoko buru jarraitzen du Ostadarreko Jubenilen Ohorezko taldeak.

Antxon Navarro entrenatzaileak  pozarren dago taldeak igandean egindako lanarekin. Gainera, azaldu duenez, helburua "txapeldunen fasean ahal den gorenen iristea da. Taldea dugu irabazteko edo behintzat onenen artean egoteko".

Helburua betetzeko, ordea, jokatzeko dituzten partidak irabaztea garrantzitsua dela nabarmendu du prestatzaileak. "Bi partida geratzen zaizkigu lehen fasea amaitzeko, irabazten baditugu txapeldunen faseko final laurdenetarako sailkatuko gara".

Neurketa horiek prestatzeko denbora izango du taldeak, asteburu honetan atsedena baitu.

Ezin partida jokatu
Ostadar SKTko gainerako partidak arazorik gabe jokatu ziren. Emaitzak honakoak izan ziren: Ohorezko maila, Hernani 0 - Ostadar 0; I. Erregionala, Ostadar 4 - Billabona 1; jubenil maila, Lengokoak 4 - Ostadar A 2 eta Ostadar B 1 - Usurbil 6; kadete maila, Ostdar B 1 - Sporting de Herrera 8.  

Texas Lasartearrek ez zuen zorte hori izan ordea. Kadete mailan, Astigarraga Mundarroren aurka zuen partida egunez aldatu behar izan dute arerioko jokalari batzuk berrogeialdian zeudelako.