Intzako bikoteek joko ona erakutsi arren, emaitza ezberdinak lortu zituzten

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 5a, 09:30
Senior mailako bikotea nagusi izan zen Zumaiaren aurkako partidan.

Udaberri txapelketako lehen jardunaldia jokatu zuten asteburuan Intza elkarteko pilotariek. I. mailako seniorrek, zein II. mailako kadeteek partida onak burutu zituzten. Emaitza, ordea, ez zen berdina izan

I. Senior mailako bikoteak Zumaia garaitu zuen Michelin Kirol guneko pilotalekuan. 

Jon Pello Artetxe eta Mikel Elolak osatzen duten bikoteak  Iriondo eta Alcantara izan zituzten aurrez aurre. 

Partida hasiera berdindua izan arren, zortzina berdindu eta etxeko bikoteak erritmoa handitu zuen. Arerioek ezin izan ziren  aldaketara moldatu eta Intzako seniorrak erraz nagusitu ziren, 22-10.

Kadete mailako neurketan, ordea, Jokin Lizasok eta Pedro Eloseguik 22-16 galdu zuten Azpeitiko Ilunperen aurka.

Intza elkarteko gaztetxoek buruz buru jokatu zuten Lizaso eta Larrañagaren aurka, baina ezin izan zituzten garaipeneko puntuak eskuratu. 

"Partida ona jokatu zuten, baina tanto gehiago egin ahal zutelaren sentsazioarekin amaitu genuen partida," adierazi du Jose Felix Solano arduradunak.

Trinketea ere
Asteburu honetan txapelketako bigarren jardunaldia izango da. Ostiralean, seniorrek Tolosa 1 bikotearen aurka jokatuko dute Amezketan; kadeteek, ordea,  Añorga izango dute arerio igandean, Michelin kirol gunean.

Udaberri txapelketako partidaz gain, kadeteek trinketeko bikotekako txapelketako neurketa ere izango dute. Larunbatean Iruran dute hitzordua. Hernani 1 bikotea izango dute aurrez aurre.