ESKUALDEA

Ateak irekiko ditu Usurbilgo Lanbide Eskolak maiatzaren 12an eta 15ean

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 4a, 15:15

atorren ikasturtera begira, ate irekien jardunaldiak egingo ditu Usurbilgo Lanbide Eskolak, maiatzaren 12an (arratsaldez) eta 15ean (goizez). Asteazkena eta larunbata izango dira, hurrenez hurren. Hezkuntza-zentro horrek adierazi duenez, topaketa horiek aurrez aurre egingo ditu, "egoerak uzten badu behintzat". Jardunaldi horietan parte hartu nahi dutenek www.lhusurbil.eus helbidean sartu beharko du. "Bisitariak talde txikietan banatuko ditugu". 

Aurrematrikula-epea ekainean zabalduko bada ere, ikasleak hasi dira 2021-2022 kurtsotik aurrera egin nahi duten ibilbidean pentsatzen. Usurbilgo Lanbide Eskolan Goi Mailako zein Erdi Mailako ikasketak egin ditzakete. Hauek dira aukeratu ditzaketen zikloetako batzuk: Administrazio Kudeaketa, Instalazio Elektriko eta Automatikoak, Mekanizazioa  (horiek guztiak, Erdi Mailan); Eguzki Energia Termikoa, Energia Berriztagarriak, Instalakuntza Termikoen Mantenua edo Fluido Instalakuntzen eta Instalakuntza Termikoen Mantenua, berriz, Goi Mailakoak dira.

Enpresekin harreman "estua"

kasleek "aukera zabala" daukate enpresetan praktikak egiteko. Alde batetik, betiko praktikaldia: bigarren kurtsoan, hiru hilabetez jarduten dira enpresa batean. Bestetik, Dual programan ere parte hartu dezakete: urte oso batean zehar lana eta ikasketak uztartzen dituzte.

Enpresan Prestakuntza ekimena azpimarratu du ULEk. Horren bitartez, ikasleek zikloa hasten duten unetik uztartu ditzakete ikasketak eta praktikak: astean sei orduz, arratsaldeetan, enpresetan aritzen dira lanean.

Erasmus egonaldirik ez

COVID-19ak eragin duen osasun-egoera tarteko, aurtengo ikasturtean ezingo da atzerrian egonaldirik antolatu Erasmus egitasmoaren baitan, ULEko kideek jakitera eman dutenez. Edonola, zentroak "lanean" jarraitzen du: "Atzerriko enpresekin harremanak sendotzen ari gara, eta beste ikastetxeekin elkarlanean, datorren kurtsoan, egoerak hala uzten badu, ikasleek praktikak atzerrian egiteko aukera izan dezaten".